Irailaren 9an Iruñean bukatu zen zen txirrindularitzako master mailako txirrindularitza Nafarroako Kopa. Bortz probek osatutako txapelketa izan da eta Tranportes Bidasoa-Iñurrieta taldeko Luziano Mitxelena lesakarra, Ion Zeberio elizondarra, Iñaki Villoria iruritarra eta Xabi Aranguren igantziarra podiumera igo dira maila ezberdinetan.
Iñaki Villoria izan zen azken egunerarte garaipenerako aukera gehien zituena, baina azkenean bigarren postua eskuratu zuen, Luziano Mitxelenak bezalaxe; Lesakarrak bortz probetatik hiru irabazi arren antolatzaileen erabaki batek garaipenik gabe utzi du. Ion Zeberiok eta Xabi Arangurenek senior eta master30 mailetan 3. postua erdietsi zuten.
Iruñeko laisterketa gogorra izan zen, bertan faboritoen arteko lehia estua izan zen eta hauen artean erabaki zen laisterketa. Hasieratik Transportes Bidasoa taldea lehiakor azaldu zen eta Joxe Angel Mitxelena lesakarra, Mikel Arburua igantziarra eta Urtiaga anaiak oso erne ibili ziren; bi Betelutarrak eguneko ihesaldian sartu ziren eta Erreniegako maldetara minututik gorako tartearekin iritsi ziren. Erreniega eta Arlegiko gainetan erabaki zen laisterketa, Ion Zeberio onenekin egotea lortu zuen eta Iñaki Villoria hauetatik gertu ibili zen arren, astean zehar gaixo ibiltzea somatu zuen eta bigarren multzo batean geratu zen.
Helmugatik kilometro gutxira Ion Zeberiok bere aukerak jokatu zituen, baina bere erasoa ez zen eraginkorra izan eta bi kilometroren faltan berriz ere saiatu zen; azken eraso hau ona izan zen, baina 200 metroren falta iheskideak gaineratu eta laugarren postuan helmugaratu zen, mailako bigarren. Villoria 12. izan zen eta bere mailako azpitxapeldun izatea lortu zuen; beranduago helmugaratu ziren Ibon Urtiaga eta Luziano Mitxelena, azken honek master60 mailako garaipena lortuaz. Jabi Urtiaga, Mikel Arburua eta Joxe Angel Mitxelenak ez zuten laisterketa bukatu, aurreko kilometroetan taldearen mesedetan egindako lanaren ondorioz.
Aragoitik ere iritsi ziren berri onak, ordu berean jokatu baitzen Aragoiko Kopako azken proba; Ion Zeberio hirugarren postuan zegoen senior mailako sailkapen nagusian eta bere gibeletik zeuden arerioek ez zuten lortu behar haina puntu pilatzea, ondorioz elizondarrak hirugarren postua mantendu zuen. Ez da aunitzetan gertatzen ordu eta egun berean, baina leku ezberdinetan ospatutako bi laisterketetan saria jasotzea.
Hurrengo helburua Euskal Herriko Txapelketa izanen da, Galdakaon jokatuko da proba eta lau mailetan aukerak ditu Transportes Bidasoa taldeak txapela janzteko.