Krisi larri hau ahaztuz, aurtengo festak bost egunez izan dira eta tarte horretan, musika taldeen emanaldiak, aizkora apustuak, pilota partidak, herri kirolak eta herri bazkari animatua izan dira, azken hau Joxeanjel musikariak alaitua. Beste behin ere Cipriano, Julian eta Pellok zuzendutako boluntarioen lana nabarmentzekoa da. Beraiei esker egiten baitira aizkora apustuak, pilota partidak eta herri kirolak. Argazkiari begiratu besterik ez da egin behar edozein saioren ondotik zeinen azkar garbitzen duten konturatzeko. Herritar guztien txaloak eta esker onak merezi dituzte. Jose Luisen gidaritzapean herri bazkaria prestatu eta zerbitzatzen duten boluntarioek ere aipamen berezia merezi dute. Bestalde, abuztuaren 17arekin, hamabi bikote aurkeztu ziren urteroko mus txapelketara. Cipriano Telletxea eta Migel Elizaldek osatutako bikoteak irabazi zuen, eta Joseba Telletxea eta Cristobal Zabaleta gelditu ziren bigarren. Hirugarren postua Jose Luis Gorostiaga eta Migel Telletxearentzat izan zen eta laugarrena Jose Maria Elizalde eta Bautista Mariezkurrenarentzat.