Festa herrikoiak eta partehartzaileak

Fermin ETXEKOLONEA 2012ko irailaren 11

Izaskun ZUBIALDE

 Arbola altxatzearekin hasi eta botatzearekin akitu ziren aurten ere festak. Giro ede­rra­ izan zen eta egitarauan aurreikusitako guztia betetzeaz gain, herritarren boron­dateari esker programatik aparte ere hainbat ekitaldi egin ziren. Bezperan, adibidez­, trikitilari eta panderojoleek kalejira egin zuten herria alaituz; bestetik, herriko familia batek suzko-zezena atera zuen; eta azken egunean zaharren omenaldian 60 urtetik gorako joaldunak joareak astintzera atera ziren. Alejandro Santestebanen ekimenez, 60 urtetik gorako hamar joaldun bildu ziren. Horrez gain, azken egunean,­ euskal dantzak ikasten ari direnek beraien saioa ere eskaini zuten. Beraz, festa herrikoiak izan dira eta herritarren borondatea azpimarratzekoa da. Horregatik guztiagatik denek merezi dituzte eskerrak. Txapelketei dagokienean, musean bi senar-emazte izan ziren finalistak eta azkenean, Martuzeneko Jabiertxo eta Maxux izan ziren garaile. Pentako Aintzane eta Pedrito azpitxapeldun gelditu ziren. Plater tiroketan, Hilario Mutuberriak irabazi zuen eta tortilla lehiaketan Arantxa Diez nagusitu zen, Loreto laguntzaile zuela. Pilota txapelketan Urko eta Mikel izan ziren txapeldun, Ibai eta Imanolen kontra. Gainerakoan, haurren eguna ere oso egun polita atera zen. Prestatutako jokoetan ederki pasatu zuten haurrek eta haurren bazkaria ere arrakastatsua izan zen, 70 haur eta 30 guraso bildu zirelako. Gainera, sobranteekin gauean afaria egin zuten. Gurasoen lana ere azpimarratzekoa da. 80 urtetik gorakoei egindako omenaldian, gizonezkoei bastoia eta emakumezkoei larrosa oparitu zitzaien. Hamabi lagun hurbildu ziren eta egun polita atera zen. Goizean, beraien omenez egin zen meza eta plazarako bidea txistulari eta joaldunen konpainian egin zuten. Gero, plazan, aurreskua dantzatu eta opariak banatu zitzaizkien. Honen harira, esan, 80 urtetik goitiko guztiei abisatzerako orduan aka­tsak izan direla, zaila baita hain denbora gutxian denak topatzea. Dena den, falta direnei oparia helarazten saiatuko dela adierazi du Udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun