Eguraldi ederra izan dugu aurtengo bestetan eta horrez gain, besta izugarriak izan dira. Bezperan, bestei hasieran eman aitzinetik gizon proba ederra ikusgai izan genuen. Herriko zortzi gaztek 40 plaza egin zituzten 800 kiloko harriarekin, eta idiak, berriz, 38 plaza. Ordura arte inork ez zuen lortu idiari irabaztea eta sunbildar gazteek lortu zuten: Igor, Asier, Unai eta Iker Bertiz, Xabier Petrirena, Arkaitz Vicente, Iñaki Mikelarena eta Luis Ibarra izan ziren partehartzaileak eta Aitor Agirre eta Daniel Bertiz ordezkariak. Ondotik, 20:00etan eman zitzaien bestei hasiera. Florentino Gelbenzu zinegotziaz gain, bi kirolari gazte omendu zituzten eta beraiek izan zuten txupinazoa botatzeko ohorea, Ane Petrirena eta Iker Espelosinek, alegia.
Bestetan ekitaldi aunitz izaten dira, eta aurtengoez aipatuko dugu XI. urtez Ramon Latasa Saria egin zela eta berrikuntza gisa, zetreria ere izan genuen, eta polita izan zen. Haur eta helduen dantza saioak Santiburtzio Egunean egin ziren eta honi hasiera polita eman zioten Zaira Gaztelumendi eta Aritz Bereauk Aurreskua dantzatuz. Haurren Eguna, plater tiroketa, Peñen Eguna, espuma besta, su artifizialak, mus txapelketa, krosa... Denak ongi atera ziren.