«Bertako haziak galtzen ari direla ohartzea nahi dugu jendea»

Gurutze PIKABEA 2012ko irailaren 10a

Ezkerretik eskuinera, Ainhoa, Ruth, Kristiñe eta Edorta, berreskuratu dituzten bertako hazietako batzuk eskuetan dituztela. TTIPI TTAPA

Bertakoak diren haziak desagertzeko ­arriskuan daudelako kezkatuta, Baztan, Malerreka, Bertizarana eta Bortzirietako haziak berreskuratzeko ­asmoarekin lanean hasi dira Edorta Murua (Zubieta), Kristiñe Berra (Lesaka), Ruth Peña (Oronoz) eta Ainhoa Arroniz (Legasa). Dagoeneko tokian tokiko hazi batzuk berreskuratu dituzte, baina oraindik gehiago badaudela eta, jendeari bertako haziak gordetzeko deia egin diete eta norbaitek gaian interesa baldin badu eurekin jar daiteke harremanetan.

 

Noiztik zabiltzate bertako haziak babesteko lanean? 

Hemengo hazien barietateak galtzen ari zirela ikusita, orain dela hiru urte, Edorta Bertako Haziaren Jaia antolatzen hasi zen Zubietan. Eta hortik abiatuta, Baztan, Malerreka, Bertizarana eta Bortzirietako bara­tze­zain batzuk elkartu eta Nafarroako Hazien Sarearekin elkar­tzen hasi ginen hemengo haziak berresku­ra­tzeko asmoarekin. Nafa­rroako Hazien Sarea egiten ari dena Baztan, Bor­tziriak, Bertizarana eta Malerrekan egiteko beharra ikusi genuen, urteetan gure arbasoek erein dituzten haziak manten­tze­ko. Gurea ez da talde itxi­ bat, sare ireki bat da eta edozein momentutan nekazari bat hazi batekin etortzen bada, sarean dago.

Zein dira zuen helburuak? 

Alde batetik, tokian toki­ko hazien barietateak berreskuratu nahi ditugu, galdu ez daitezen, eta interesa dutenei ereiteko eta kontsumi­tzako aukera ematea. Gure lanetako bat bertako haziak hori daudela eta  galtzen ari direla jendea ohartzea da, jen­deak bere baratzean balo­re hori daukala konturatzea. Aldi berean, hazien erabilerak, ezaugarriak eta kulturaren ezagutza tradizionala berreskuratu nahi dugu. 

Zertan ari zarete? 

Lehen, urtean behin bil­tzen ginen Zubietan haziak trukatzeko, baina orain serioago hasi gara­ eta azken urte honetan aurrerapausoak eman ditugu. Baztanen, Uda­­­laren Ingurumen Batzordearen eskutik, hi­tzaldiak egin dira, gu gehiago bi­ltzen gara, web orri bat prestatzen ere hasi gara eta lan serioago bat egiten dugu.

Nola ikusten duzue bertako hazia? 

Azkenenaldian, bara­tzean­ erabiltzen diren landare eta hazi gehienak dendetan erositakoak dira. Batzuek bertako hazia man­ten­tzen dute, baina bertzeek ez.  Gure­ elikadurarako, ordea, aberatsagoa da gure herriko hazia eta ez dugu baloratzen.  

Gure inguruko jen­deak badu interesik? 

Batzuk bai. Baina oroko­rrean, belaunaldi berriek ideia hori galdu egin dute. Jende nagusiak mantentzen du baina gaz­teak ez dira ohar­tzen. Gauza errazak nahiago dituzte, erosi, jarri eta ea zer ematen duen. Hor aspal­ditik dagoen kultu­ra bat dagoela ez dute ikusten. 

Nongo haziak ari dira gailentzen? 

Erositakoak, Kataluniatik eta Frantziatik ekarritakoak. Hazi onak dira, baina ez dira hemengoak. Hemengoek kan­pokoen aldean aban­tai­la gehiago dituzte, edozein arazorekin gure haziek erositakoek­ baino abantaila ge­hia­go dituzte. Gure klima eta lurrerako hobeki prestatuak daude berta­ko haziak eta hortaz aparte, erositako haziak urteekin okerrera egiten dute.

 

Oraingoz hemengo zein hazi berreskuratu dituzue? 

Urritzateko banabarra, Bozateko banabarra, Zubietako baba ttikiak, tomateak, Elizondoko porruak, ilar berdeak, Zubietako baba beltzak, Zubietako artoa, Bozateko artoa... Oraindik hasiberriak gara. Gehienak baserrietan mantendu eta eman dizkigutenak dira, eta Nafarroa­ko­ Saretik ere batzuk etorri zaizkigu.

Baratzean ibiltzen direnei zein aholku emanen zeniekete?

Gure haziak desager­tze­ko arriskuan daude eta bertako haziak gor­detze­ko eskatzen diogu jendeari. Gurekin harremanetan jar dai­tzela eta dau­ka­guna konpartituko dugu.

 

Harremanetarako:

Interesa duenak telefono hauetara dei de­zake: Baztan eta Bertizaranan Ruth-i (678 445521), ­ Male­rrekan Edortari ­(686 129108) eta Bor­tzi­rie­tan Kristiñeri (652 729101). E-pos­ta eta web orria ere ba­dituzte: baztango haziak@gmail.com eta https://sites.goo gle.com/site/baztan gohaziak/nafarroakohazien-sarea edo Google bilatzailean ‘Bi­da­soako haziak’ sartuta.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun