Sara, Oiz eta Eratsungo bestez gain, Elizondoko Txokoto eta Lesakako Bittiria auzoetan ere ekitaldiz betetako asteburua izanen dute, bestak ospatuko baitituzte.
Txokotoko bestak
Ortziralean, 19:00etan botako dute auzoko bestei hasiera emanen dien txupinazoa. Ondotik, txistulariak, erraldoiak eta buruhaundiak karrikak alaituko dituzte. 20:00etan Baztan Zopen dastaketa izanen da eta 21:00etan paella lehiaketa eta dantza herrikoiak. 23:30ean rock kontzertuak aditzeko aukera izanen da.
Larunbatean, 11:00etan argisoinuak izanen dira txistulari, erraldoi eta buruhaundiekin. Goizean bonba japoniarrak ere botako dituzte Maurizio eta Felix plazan. 11:30ean supermega punto izanen da trinketean eta aldi berean, Txokotoko emakumezkoen II. Frontenis txapelketako finala jokatuko da Baztan frontoian. 14:30ean zikiro jatea eginen da eta ondotik jokoak izanen dira. DJ Makalak alaituko du bazkalondoko giroa eta 23:00etan su artifizialak ere botako dituzte Jajapama pirotekniaren eskutik. 00:00etan dantzaldia izanen da eta auzoko bestei bukaera emateko DJ Mokordo eta DJ Tirri ariko dira.
Bittiriko bestak
Ortziralean, 21:00etan botako da ofizialki Bittiriko bestei hasiera emanen dien txupinazoa, baina hori baino lehen, 20:00etan patata tortilla txapelketa eginen da. Behin txupinazoa botata, kalejira eginen da eta 21:30ean berendu afaria eginen da. 23:00etatik aitzinera DJ Endara ariko da.
Larunbatean, 10:00etan diana izanen da txistulariekin eta 12:00etan haurren herri krosa jokatuko da. 14:30ean bazkaria izanen da Lesakako Bertso Eskolako bertsolariekin eta 17:00etan herri olinpiaden txanda izanen da. Gazte Asanbladak adin guztietako jendearendako jolasak antolatuko ditu. Horrez gian, ilunabarrean eta gauean berbena izanen da.
Igandean ere izanen da ekitaldirik Bittirin. 11:00etan haurrendako jokoak izanen dira Eltzeta plazan eta 17:30ean Txan magoak ikuskizuna eskainiko du. 18:30ean trikitixa jaialdia izanen da.
Aipatu, bertzalde, Txori Izigarrien edo txorimaloen txapelketa ere egitekoa zela ortzegunean. Auzoko baratzeetan, balkoietan, leihoetan... txorimaloak jartzen ahal ziren eta irabazleak larunbateko bazkarirako bi txartel eskuratuko ditu.