Lau egunez, musika, otorduak, herri kirol saioak nahiz pilota partidak ikusteko aukera izanen da Oizko besten barne. Ortziralean hasiko dira eta astelehenean akitu.
Ortzirala, irailak 7
20:00etan botako dute bestei hasiera emanen dien altxaferoa eta ondotik, Doneztebeko txistulariak herrian barna ibiliko dira. 21:00etatik aitzinera, berriz, Zopak eskainiko dira Herriko Ostatuan eta gauez dantzaldia izanen da Frantzisko akordeoilariarekin.
Larunbata, irailak 8
11:00etan Meza Nagusia izanen da eta ondotik luntxa Herriko Ostatuan. 11:30ean mus txapelketari emanen zaio hasiera. Arratsaldean, 18:00etatik aitzinera, aizkora apustua jokatuko dute Jose Antonio Loiartek eta Raul kastrok alde batetik, eta Tito Etxeberriak eta Xabier Mindegiak, bertzetik. Arratsaldez eta gauez dantzaldia izanen da Aierrik taldearekin.
Igandea, irailak 9
10:30ean gazteen laxoa txapelketako partida jokatuko da Oiz eta Doneztebe A taldeen artean. Segidan, laxoa utzi eta esku pilotako partidak jokatuko dituzte gaztetxoek eta afizionatuek. 11:00etatik aitzinera herriko artisauen erakusketa zabalduko da eta 17:00etan haurrendako jokoak izanen dira plazan. Jokoak akituta, haurrendako eta helduendako txokolatea eskainiko da. 19:30ean herritarren arteko IX. patata tortilla lehiaketa jokatuko da. Ondotik, tortilla, xingarra, txistorra eta gazta dastatzeko aukera izanen da eta arratsaldez eta gauez dantzaldia ere izanen da Frantzisko akordeoilariarekin.
Astelehena, irailak 10
Astelehena izanen da hondarreko eguna. 11:00etan herritarrak herri kiroletan ariko dira, gazte eta helduen artean. 14:00etan herri bazkaria eginen dute Sustrai Colina eta Julio Soto bertsolariekin. 17:00etan toka eta sokatira lehia izanen da herritarren artean eta arratsaldez eta gauez dantzaldia ere bai Agerralderekin. Bestei bukaera emateko, kalejira eginen da herrian barna eta ondotik Gaixoa Ni kantatuko dute.