Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketa jokatuko da larunbatean Algortan

Ttipi-Ttapa 2012ko irailaren 6a

Joan den urtean Gipuzkoako taldean irabazi arren, Nafarroak txapel gehiago ditu irabaziak.

16:45ean hasiko da txapelketa, kirolari eta herrialdeen aurkezpenarekin

Zazpi herrialdeetako 150 kirolari ariko dira lehian, hamar kiroletan eta tartean izanen dira Amaiurko sokatiralariak, Fernando Etxegarai beratarra txokor biltzen, Josetxo Urrutia leitzarra ingude altxatzen, Karlos Sein igantziarra lasto altxatzen, Unai Bertiz sunbildarra harri-jasotzen eta Lazaro Bujan leitzarra orga jokoan.

Larunbat honetan, irailak 8, XXIV. Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketa jokatuko da, Getxo-Algortan (Bizkaia). Herri kiroletan urtero jokatzen den txapelketarik haundiena da Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketa. Zuberoan izan zuen hastapena, 1987an, eta geroztik, soilik urte batez egin du huts. Abere eta giza probak, sega, lasto-jaurtitzea, harri-zulatzea eta lur gaineko sokatira salbu, gainerako herri kirol guztiak izan ohi dira ikusgai txapelketa horretan. Zazpi herrialdeetako 150 kirolari aritzen dira eta ariko dira lehian, hamar kiroletan.

Urtero herrialde batean jokatu ohi da txapelketa eta batzordeak hartzen du antolakuntzaren ardura, eta aurten, Bizkaian jokatuko da. Bi ordu eta erdiko ikuskizun entretenigarriaz gozatzeko aukera izanen da, eta herri kirolariak izanen dira gozamenerako aukera emanen dutenak.

Urtero bezala, hamar kiroletan lehiatuko dira zazpi herrialdeetako kirolariak: sokatiran, txokor-biltzen, txinga-eramaten, zaku-eramate lasterketan, harri-jasotzen, ingude-jasotzen, lasto-jasotzen, orga jokoan, arpanean eta aizkoran. Aurten Zuberoak ez du talderik.

Puntuaketari dagokionez, kirol bakoitzean 1etik 7ra puntuatuko da; hots, irabazleak 7 puntu jasoko ditu, bigarrenak 6 puntu…, eta azken sailkatuak puntu bat. Kirol batean parte hartzen ez duenak 0 puntu jasoko ditu, baina garaileak 7 puntu jasoko ditu. Sailkapenaren hurrenkera, berriz, herrialde bakoitzak hamar kiroletan pilatzen dituen puntuek erabakiko du.

Nafarroako partehartzaileak

Nafarroatik joanen diren kirolariak hauek izanen dira: sokatiran Amaiur, Berriozar eta Basaburua-Imotzeko tiralariak, txokor biltzen Fernando Etxegarai (Bera), ingude altxatzen Josetxo Urrutia (Leitza), lasto altxatzen Karlos Sein (Igantzi), harri-jasotzen Unai Bertiz (Sunbilla), txingekin Fran Etxeberria (Arazuri), zaku lasterketan Karlos Santamaria, Imanol Martin eta Oier Aizkorbe (Berriozar), orga-jokoan Lazaro Bujan (Leitza), arpanean Josetxo eta Iñaki Barberena (Iraizotz) eta aizkoran Juan Jose Lopez (Lezaun).

Sariak, trofeoak oroigarriak

Herrialde txapeldunak, urteko txapelketa irabazteagatik kopa, txapela eta urrezko dominak jasoko ditu. Bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, zilarrezko eta brontzezko dominak. Gainera, herrialde bakoitzak herrialde antolatzaileak eskaintzen duen oroigarria jasoko du. Horiez gain, kirol bakoitzeko garaileak edo garaileek txapela jantziko dute. Iaz Gipuzkoak irabazi zuen, eta eten egin zuen Nafarroa Garaiaren erabateko nagusitasuna.

16:45ean hasiko da txapelketa, kirolari eta herrialdeen aurkezpenarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun