Zabalik dago musika eskoletan aurrematrikulazioa egiteko epea

Ttipi-Ttapa 2012ko irailaren 4a

Beran irailaren 7an bukatuko da, Lesakan irailaren 11n eta Donezteben irailaren 10ean zabalduko da

Berako Isidoro Fagoaga Musika Eskolan irailaren 7an bukatuko da apuntatzeko epea, Lesakako Musika Eskolan irailaren 11n eta Doneztebeko Agorreta Musika Eskolan irailaren 10etik aitzinera izanen da apuntatzeko aukera.

Ikasturte berria prestatzen hasiak dira eskualdeko musika eskolak eta horrekin batera, aurrematrikulazioa egiteko epeak zabaldu dituzte. Berako Isidoro Fagoaga Musika Eskolan eta Lesakako Musika Eskolan, adibidez, astelehen honetaz geroztik, zabalik dago apuntatzeko epea eta Doneztebeko Agorreta Musika Eskolan, berriz, irailaren 10ean zabalduko da.

Berako Musika Eskola

Irailaren 7ra arte izanen da Berako Isidoro Fagaoga Musika Eskolan aurrematrikulazioa egiteko aukera, 09:30etik 13:00etara bulegoan. Haur nahiz helduentzako eskaintzak izanen dira ikasturte honetan ere: solfeoa, musika tresnak eta abesbatzako klaseak. Musika tresnei dagokienean, akordeoia, bibolina, gitarra klasikoa eta elektrikoa, klarinetea, pandereta, perkusioa, pianoa, teklatua, trikitixia, tronpeta, txistua eta saxofoia ikasteko aukera izanen da.

Lesakako Musika Eskola

Irailaren 11n bukatuko da Lesakako Musika Eskolan matrikulatzeko epea. Astelehenetik ortziralera 08:00etatik 19:00etara egiten ahalko da eta larunbatetan 09:30etik 13:30era. Nafarroatik deitzen duenak 012 telefonora deitu beharko du eta Nafarroatik kanpo deitzen duenak 948 217012 telefonora. Aurrematrikulazioa egiten ahal dutenak ondokoak dira: 5 urtekoak, 2007an jaiotakoak eta handiagoak, musika tresna aukeratu behar dutenek aitzineko ikasturtean Musika eta Mugimendua II egin zutenak izanen dira. Honen harira, aurten plazak mugatuko direla adierazi dute, hortaz, ikasle bakoitzak hiru musika-tresna aukeratu beharko ditu. 13 urtetik goitiko ikasle berriek helduen tailerrean apuntatzeko aukera izanen dute, baita bertzelako ikasgaietan ere (informatika musikala, armonia...). Joan den ekainean baja eman zuten ikasleek ere matrikulatzeko aukera badute eta behar bereziak dituzten ahurrentzat ere klase egokituak eskainiko dira.

Doneztebeko Musika Eskola

Irailaren 10ean zabalduko da Doneztebeko Agorreta Musika Eskolan matrikulazioa egiteko epea. 11:00etatik 13:00etara musika eskolan berean egiten ahal izanen da edo bertzela 948 451412ra deituta. Irailaren 14a izanen da hondarreko eguna. Ondoko ikasgaiak eskainiko dira ikasturte honetan: Musika eta Mugimendua (6 urteko umeentzat), Musika Hizkuntza, akordeoia, gitarra, pandereta, pianoa, perkusioa, trikitixa eta txistua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun