Euskal Herriko emakumezkoen eta gizonezkoen txokor biltze txapelketak jokatu ziren irailaren 1ean Donostian eta bietan aipagarria izan zen kirolariek egindako lana. Emakumezkoetan, Maika Ariztegi iturendarrak hamabigarrenez jantzi zuen txapela eta ondu egin zuen berak lehendik zuen marka. Gizonezkoetan Fernando Etxegarai beratarra bigarren sailkatu zen eta Patxi Irazoki igantziarra laugarren.
Emakumezkoen txapelketa
Sei kirolari aritu ziren lehian hiruko bi txandatan: Arabatik Naiara Ferran (Gasteiz, 28 urte), Itxaso Hernandez (Legutio, 34 urte), Bizkaitik Garazi Arruti (Bilbo, 26 urte), Gipuzkoatik Josune Gorostidi (Txarama, Leaburu, 44 urte) eta Nerea Arrizabalaga (Mutriku, 36 urte) eta Nafarroatik Maika Ariztegi iturendarra (40 urte).
Ariztegiren txandan, txokorrak saskiratu ahala, garbi ikusi zen iturendarra Euskal Herriko marka ontzeko bidean zela, eta bi kale egin arren, txapela jantzi zuen hamabigarrenez eta lau segundoan hobetu zuen berak lehendik egina zuen Euskal Herriko marka. 07:13ko denbora egin zuen Ariztegik; bigarren Josune Gorostidi sailkatu zen (07:34), hirugarren Naiara Ferran (07:51), laugarren Nerea Arrizabalaga (07:52), bosgarren Garazi Arruti (08:01) eta seigarren Itxaso Hernandez (08:37).
Hauek dira Maikaren azken urteetan denborak: 2012an 07:13ko denbora, 2011n 07:24ko denbora, 2010ean 07:17ko denbora, 2009an 07:23ko denbora, 2008an 07:21eko denbora eta 2007an 07:28ko denbora.
Gizonezkoen txapelketa
Gizonezkoetan bi txandatan banatuta, zazpi kirolari aritu ziren lehian: Arabatik Gorka Alegria (Gasteiz, 33 urte) eta Aritz Ruiz (Artziniega), Bizkaitik Alfonso Alvarez de Eulate (Algorta; 41 urte), Gipuzkoatik Gotzon Zulaika (Mendaro, 22 urte) eta Eneko Garmendia (Baliarrain, 31 urte) eta Nafarroatik Fernando Etxegarai beratarra (40 urte) eta Patxi Irazoki igantziarra (34 urte).
Guztietan bizkorrena Eneko Garmendia gipuzkoarra izan zen, 50 txokorrak biltzeko 06:02ko denbora behar izan baitzuen. Fernando Etxegarai bigarren sailkatu zen (06:15), Gotzon Zulaika hirugarren (06:27), Patxi Irazoki laugarren (06:31), Alfonso Alvarez bosgarren (06:40), Gorka Alegria seigarren (06:47) eta Aritz Ruiz zazpigarren (06:50). Txapeldunak denbora ona egin arren, oraindik Fernando Etxegarai da 50 txokorrak biltzeko marka egina duena. 2004an 5 minutu eta 57 segundoko denbora egin zuen eta hori da oraingoz marka.
Bertzalde, aipatzekoa da Euskal Herriko Txokor Biltze Txapelketa zazpi aldiz irabazi duela Etxegaraik.