Gizonezkoen eta emakumezkoen Euskal Herriko Txokor-Biltze Txapelketak larunbat honetan erabakiko dira. Donostiako Trinitate Plazan jokatuko dira bi txapelketak, 18:00etatik aitzinera. 50 txokor saskiratu beharko dituzte ahalik eta denborarik laburrenean, bai emakumezkoetan eta bai gizonezkoetan.
Gizonezkoak
Gizonezkoetan lehian ariko diren zazpi lagunetatik eskualdeko bi ordezkari izanen ditugu: Fernando Etxegarai beratarra eta Patxi Irazoki igantziarra. Nafarroako Txokor Biltze Txapelketa uztailaren 28an jokatu zen Elizondon, eta Fernando Etxegarai eta Patxi Irazoki izan ziren sailkatu ziren bi lehenbizkoak, 6:14:86 eta 6:18:39ko denbora eginez, hurrenez hurren.
Joan den urtean, Jon Larrañaga gipuzkoarrak irabazi zuen Euskal Herriko txapelketa lehendabizikoz. Zazpi kirolari aritu ziren orduan lehian, eta tartean ziren Fernando Etxegarai eta Andoni Lasaga etxalartarra. Etxegarai zen txapela irabazteko hautagai sendoa, aitzinetik zazpi txapel baitzituen irabaziak, baina ez zuen asmatu.
Emakumezkoak
Emakumezkoen Euskal Herriko Txokor Biltze Txapelketan ere eskualdeko ordezkari bat izanen dugu: Maika Ariztegi iturendarra. Joan den urtean bere hamaikgarren txapela jantzi zuen, bigarren sailkatuari 36 segundoko aldea ateraz. Zazpi segundogatik ez zuen hobetu orain dela bi urteko marka, 07:17koa, hain zuzen.
Ariztegirekin batera, bertze bortz emakumezkok parte hartuko dute txapelketan.