Buruz buruko erremonte txapelketako finalerdia jokatuko du San Migelek larunbatean Urrizaren kontra

Ttipi-Ttapa 2012ko abuztuaren 30a

Julen San Migel jokoan.

Ortzegun goizean aukeratu dituzte pilotak

Larunbat honetan erabakiko da Buruz Buruko Erremonte Txapelketa-Kutxa Sari Nagusiko bigarren finalista zein izanen den. Joan den astean Koteto Ezkurrari irabazita, Patxi Zeberiok lortu zuen finalerako txartela, eta larunbat honetan Julen San Migelek eta Jabier Urrizak bigarren finalerdia jokatuko dute. Banaka elkarren aurka ariko diren lehenbiziko aldia izanen da eta finalerako sailkatzea izanen dute biek helburu. Ortzegunean aukeratu dituzte larunbaterako pilotak, eta San Migel materialarekin kontent gelditu bada ere,  finalerdietara eraman duten sistemarekin kritiko agertu da.

Larunbat honetan erabakiko da Buruz Buruko Erremonte Txapelketa-Kutxa Sari Nagusiko bigarren finalista zein izanen den. Joan den astean Koteto Ezkurrari irabazita, Patxi Zeberiok lortu zuen finalerako txartela, eta larunbat honetan Julen San Migelek eta Jabier Urrizak bigarren finalerdia jokatuko dute. Banaka elkarren aurka ariko diren lehenbiziko aldia izanen da eta finalerako sailkatzea izanen dute biek helburu.

San Migelek eta Urrizak gaur, ortzeguna, aukeratu dituzte pilotak Hernaniko Galarreta pilotalekuan eta guztiz desberdinak diren pilotak bereizi dituzte. Doneztebeko atzelaria asmo garbiekin joan da pilota aukeraketara, Aizpurua II.a bere botilleroarekin, eta segituan bereizi ditu hiru pilotak, 125, 128 eta 131 gramokoak. Aukeraketaren ondotik, «sakean min egin behar dut», adierazi du: «Teorian, peloteoak berari eginen dio mesede». Sakean dominatzeko helburuarekin, bote biziko pilotak aukeratu ditu: «pilota biziak aukeratzen saiatu naiz, sakean min egiteko eta gibeleko koadroetara eramaten saiatu behar dut, frontisetik urruti uzten ahaleginduz».

Sistemarekin kritiko

Materialarekin kontent gelditu da San Migel, baina finalerdietara eraman duten sistemarekin kritiko agertu da: «ligaxka jokatu behar nuela erran zidatenean, eta Urriza zuzenean finalerdietan egonen zela jakin nuenean, aunitz haserretu nintzen eta enpresaren aitzinean protestatu nuen. Ez nengoen ados. Biak ailegatu ginen finalerdietara eta ez dut uste bietako inork lehentasuna izan beharko lukeenik. Ezkurraren kontrako lehian Urrizak 29 tanto lortu zituela erranez arrazoitu zuen erabakia enpresak, baina ez nago irizpide horrekin ados. Hemen balio duen bakarra irabaztea da eta biek finalerdietan galdu genuen eta maila berean akitu genuen torneoa. Tanteoarenak ez dit balio».

Hiru partida jokatu behar izan ditu doneztebarrak finalerdietara ailegatzeko, hiruak irabazi ditu eta alde horretatik konfidantzarekin ikusten du bere burua: «banaka zein binaka partida onak egin ditut. Urrutiari irabazi nion partidak nire indar eta jokoan konfidantza eman zidan».

San Migelen aurkariak, berriz, Urrizak, antzeko pisua duten hiru pilota bereizi ditu, 125, 128 eta 133 gramokoak, baina ezaugarri desberdinekoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun