2009az geroztik eskuz banaka elkarren kontra ari gabe egon ondotik, erremontean beteranoak diren Koteto Ezkurra doneztebarrak Patxi Zeberio gipuzkoarra izanen du larunbatean kontrario. Eskuz Banakako Erremonte Txapelketa-Kutxako Sari Nagusiko finalerdia jokatuko dute Hernaniko Galarreta pilotalekuan. 16:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partida izanen da.
Ezkurrarentzat aspaldiko aurkaria da Zeberio eta alde horretatik, ilusioa egiten diola aitortu du: «elkarren kontra urte batzuk jokatu gabe eman ditugu eta polita da berriz elkarrekin jokatzea. Ilusio berezia egiten dit urteetan aurkari zuzenak izan baikara. Badirudi biek ere gure bigarren gaztetasuna bizitzen ari garela».
Finalerdirako pilotak ortzegunean bereizi zituzten bi erremontistek. Doneztebekoak gipuzkoarrak baino pilota astunagoak aukeratu zituen, 131, 129 eta 128 gramokoak: «Horietako bi joan den urteko lotekoak dira. Pilotak nahiko okerrak ziren eta zuzenenak aukeratu ditut. Ez dira ez bote altukoak eta ez bote ttikikoak ere», adierazi zuen Kotetok material aukerateraren ondotik.
Buruz burukoak ez du sekretu haundirik Ezkurrarentzat, nahiz eta txapelketa honetan lehenbiziko partida izanen duen larunbatekoa. «Beharbada, hasierako zortzi-hamar tantoetan galduagoa egon naiteke, baina gero urduritasunak utzita, partidan sartzen naiz eta ez dit lehenbiziko partida izateak eragiten. Buruz burukoak ez du sekreturik niretzat. Lasai egon behar da, ongi sakatu eta peloteoan zentratu. Ez dut inongo beldurrik eta presiorik gabe jokatuko dut». Kotetoren hitzak dira.