Abuztuaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira telebista digitalen lizentziak esleitzeko bi deialdi. Lehenbizikoaren arabera, 20 tokiko telebista berrirendako lizentziak esleitu nahi dira, bosna hiri-eremu bakoitzean. Hartara, Lizarra ingururako 5 lizentzia, Iruñerrirako 5, Zangozalderako 5, Tafalla ingururako 5 eta Tutera ingururako bertze 5ak. Kontuan hartu behar da tokiko telebisten ikus-eremua, izenak dioen bezala, tokikoa dela eta eremu horietatik kanpo ez direla ikusiko. Hau da, Tuterako telebistak Tutera ondoko herrietan bakarrik ikusiko direla eta horrela gainerako guztiekin.
Bigarren deialdian, bertze bi telebistendako lizentziak banatuko dira baina, kasu honetan, telebista berrien ikus-eremua Nafarroa osokoa izanen da. Telebista kate berriek, berriki emititzeari utzi dioten Canal 4 eta Popular TV-k utzitako lekua hartuko dute.
Nafarroako mendialdea lizentzia aukerarik gabe
2006an antzeko prozedura bete zuen Nafarroako Gobernuak. Bai orduan eta bai orain, bi aldietan ez du tokiko telebistendako lizentzia aukerarik aurreikusten Vascuencearen Legeak eremu euskaldunean sartzen dituen udalerrientzat. Gauzak horrela, Nafarroako Parlamentuak 2006an hartutako akordioei kasurik egin gabe, Foru Gobernuak berriz atea itxi die Ttipi-Ttapa Telebistak edo Xaloa Telebistak azkeneko hamarkadetan hainbat aldiz egindako eskaerei.
20 lizentzia berri tokiko telebistentzak
Nafarroa osorako bi telebista kanalez gain, tokian tokikoetan 20 lizentzia esleitu nahi ditu Nafarroako Gobernuak. Gehiegizko lizentzia kopurua da, zalantzarik gabe, tajuzko programazio bat eginez ekonomikoki bideragarriak izateko hainbat eskualdetan. Izan ere, Zangozaldean 9.000 biztanle baino ez dira bizi, Tafallan 12.000 biztanle…
ETBren egoera eta Kontseiluaren salaketa
Aste honetan Gara egunkarian argitaratutakoaren arabera, ETBko zerbitzu juridikoak aztertzen ari dira deialdi honetara aurkezteko aukerarik duten ala ez. Informazio horren arabera, pasa den martxoan elkartu ziren Alberto Surio EITBko zuzendari nagusia eta Juan Luis Sánchez Muniain kontseilaria gai honetaz hitz egiteko. Zernahi dela, aurkeztea erabakiko balu eta deialdiaren eskakizunak kontuan hartuta, ETB behartua egonen litzateke Nafarroari buruzko programazio espezifikoa ekoiztera Nafarroan bertan, eta hortaz gain, hizkuntzen tratamendua ere definitu beharko luke.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak bere aldetik, prentsa oharra bidali du hedabideetara. «Kezka handiz» hartu du Nafarroako Gobernuak argitaratu berri duen deialdia. «Ez du euskara hutsezko lizentziarik gorde, eta programazioan euskara erabiltzeagatik esleituko duen puntuazioa hutsaren hurrengoa da» azaldu du bere oharrean. Deialdi hau Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideen aurka daraman politikaren jarraipena dela salatu du Kontseiluko idazkari nagusiak: «euskarazko hedabide ez-publikoak diru-laguntzarik gabe utzi ditu, EAEko euskarazko telebista publikoa ikusteko aukerak itxi ditu… Euskararen desagertze soziala helburu duen hizkuntza-politikan kokatu behar dugu Nafarroako Gobernuak argitara eman dituen oinarriak».
Bi deialdietan argitaratu denaren arabera, lizentziak 15 urterako emanen dira eta eskaerak aurkezteko epea irailaren 20an amaituko da.
Lehendik ere, 2006an, eremu horietako bakoitzean telelebista banarendako lizentziak banatu zituen Nafarroako Gobernuak eta, orduan, Grupo Coperena den Popular TV-ri eman zizkion Nafarroako Gobernuak lizentzia guztiak.