Hirugarren aldiz ortziralean eginen da Beintza-Labaienen usategien enkante publikoa

Ttipi-Ttapa 2012ko abuztuaren 23a

Beintza-Labaienen erantzun eskasa izan dute usategien enkanteek.

Orain arte egin diren bi saikeretan ez da bakar bat ere adjudikatu

Usategien aprobetxamendua enkantera ateratzeko Udalak egin dituen bi deialdiek ez dute batere arrakastarik izan Beintza-Labaienen eta hirugarren ahalegina ortziralean eginen dute. Donamarian ere antzeratsu dabiltza. Udalak egin dituen orain arteko bi deialdietan zortzi eremuetatik bi baino ez baitira adjudikatu.

Usategien aprobetxamendua enkantera ateratzeko Udalak egin dituen bi deialdiek ez dute batere arrakastarik izan Beintza-Labaienen. Lau eremutako usategiak atera ditu enkantera, guztira 45 ehiza postu, baina orain arte egin diren bi deialdietan ez da bakar bat ere adjudikatu. Hala, hirugarren saiakera ortziralean, abuztuak 24, eginen da Beintza-Labaiengo udaletxean, 11:00etan. Aieletakoak (6 ehiza postu), Ameztikoak (8 ehiza postu); Lotzabiangoak (guztira 17 ehiza postu) eta Uztakortakoak (14 postu) dira Beintza-Labaiengo Udalak enkantera atera dituen usategiak.

Donamarian ere antzeratsu dabiltza. Orain arte Udalak bi alditan atera ditu usategiak enkantera baina zortzi frontetatik bi baino ez dira adjudikatu. Gainerako seiak hutsik gelditu dira: Golbai eremukoa (11 postu), Uztalakorta (8), Bidasosta (10), Txaruta (7), Ubedo (6) eta Argibel (8 postu) eremuak ez ditu inork hartu. Bidakorri (11 postu) eta Labeaga (9 postu) izan dira esleitu diren bakarrak, Bidakorrikoa hasierako prezioan, 8.250 eurotan, eta Labeaga 4.450 eurotan, hasierako prezioa baino 450 euro gehiagotan. Oraindik ez dute erabaki hutsik geldituak diren usategiekin zer eginen duten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun