Gizonezkoen Nafarroako Txinga Eramate Txapelketa igande honetan, abuztuak 26, erabakiko da Gorritin. 12:30etik aitzinera 50 kiloko txingak esku banatan harturik, ahalik eta plaza gehien egin beharko dituzte parte hartzaileek. Lau kirolari ariko dira lehian, eta tartean izanen da Estefan Sirbu leitzarra. Berekin batera Imanol Martin (Berriozar), Fran Etxeberria (Arazuri) eta Adrian Berruezo (Ibero) ariko dira.
Egun berean, Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatuko da Gorritin. Hamaika aizkolari aritzekoak ziren, baina azkenean Patxi Mindegia zubietarrak ez du parte hartuko osasun arazoak direla eta. Gainerakoan, han izanen dira Ruben Saralegi (Leitza, Iruñea), Manuel Kañamares (Arostegi), Xabier Mindegia (Beintza-Labaien), Arkaitz Olano (Leitza), Iban Resano (Dorrao), Raul Kastro (Urroz), Asier Pellejero (Areso), Jesus Etxeberria (Beintza-Labaen), Goizeder Beltza (Etxarri Arantz) eta Iñaki Vazquez (Altsasu). Jose Antonio Loiarte zubietarrak txapelketan ez parte hartzea erabaki du eta ondorioz, maila galduko du kanporaketan azkena sailkatzen denarekin batera.
Egin beharreko lana bi kanaerdiko eta 60 ontzako enbor bat moztea izanen da eta lehen bortz sailkatuek finalerako txartela lortuko dute.
Euskal Herriko III. Mailako Aizkora Txapelketa
Abuztuaren 5ean Beintza-Labaienen eta abuztuaren 11n Leitzan jokatu ziren Euskal Herriko III. Mailako Aizkora Txapelketako lehenbiziko bi kanporaketak eta larunbat honetan hirugarrena eta azkena jokatuko da Lakuntzako plazan, 18:00etan hasita. Lau kanaerdiko moztu beharko dituzte aizkolariek eta hauek izanen dira parte hartzaileak: Iñaki Kintana (Araba), Aritz Oregi (Bizkaia), Beñat Lekue (Bizkaia), Xabier Garitaonandia (Bizkaia), Aitor Urteaga (Gipuzkoa), Asier Pellejero (Areso), Angel Eraso (Nafarroa), Iban Resano (Nafarroa), Aritz Goñi (Nafarroa) eta Iñaki Vazquez (Nafarroa).
Kanporaketa bakoitzeko lehen bi sailkatuek finala azaroaren 11n jokatuko dute Aldatzen.