Antonio Alustiza aresoarrak 13. txapela jantzi du Nafarroako Artzain Zakur Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2012ko abuztuaren 27a

Nafarroako Artzain Zakur Txapelketako parte hartzaileak.

Ttiki zakurrarekin zazpigarren aldiz jarraian irabazi du

Nafarroako Artzain Zakur Txapelketaren 45. edizioa jokatu da Uharte Arakilen eta Antonio Alustiza aresoarrak eta Ttiki bere zakurrak ez dute hutsik egin. Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza eta Azeri bigarren izan dira, Amaiurko Jose Mari Ixtilart eta Lagun laugarren, Antonio Alustiza eta Bat bosgarren, Aranoko Pedro Ansa eta Alaiz bosgarren eta Amaiurko Jose Mari Ixtilart eta Bizkor zortzigarren.

Nafarroako Artzain Zakur Txapelketaren 45. edizioa jokatu zen abuztuaren 26an Uharte Arakilen eta Antonio Alustiza aresoarrak eta Ttiki bere zakurrak ez zuten hutsik egin.

Zazpi artzain aritu ziren lehian hamar zakurrekin eta tartean ziren eskualdekoak ere: Antonio Alustiza aresoarra Ttiki eta Bat zakurrekin, Joxe Mari Ixtilart amaiurtarra Lagun eta Bizkor zakurrekin, Jorge Oteiza oronoz-mugairiarra eta Azeri eta Pedro Ansa aranoarra eta Alaiz zakurra. Guztien artean, azken urteetan jaun eta jabe den Antonio Alustiza aresoarra atera zen garaile. Nafarroako bere hamahirugarren txapela jantzi du aurten aresoarrak, zazpigarren aldiz Ttiki zakurrarekin irabazita. Are gehiago, bederatzi aldiz jarraian irabazi du aresoarrak. 2004an eta 2005ean Argi zakurrarekin irabazi zuen, eta geroztik Ttikirekin. Gainera, azken garaipen honi esker txapelketa gehien irabazi duen artzain zakurra bilakatu da.

Bigarren postua ere eskualdera etorri da, Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza eta Azeri bere zakurrarentzat izan baita. Hirugarren postua Etxarri-Aranazko Jesus Errazkin eta Neskarentzat izan da eta laugarren,  bosgarren eta seigarren postuak ere eskualdera etorri dira, baita zortzigarrena ere: laugarrena Joxe Mari Ixtilart amaiurtarra eta Lagun zakurrarentzat izan da, bosgarrena Antonio Alustiza aresoarra eta Bat zakurrarentzat,  seigarrena Pedro Ansa aranoarra eta Alaiz bere zakurrarentzat eta zortzigarrena Jose Mari Ixtilart eta Bizkor zakurrarentzat. Txapelketan parte hartu zuten bertze artzainak Antonio Huarte (Lagun eta Argi zakurrekin, zazpigarren eta bederatzigarren, hurrenez hurren) eta Javier Fernandez (Lunarekin hamargarren) izan ziren.

Bertzelako sariak ere izan ziren Uharte Arakilen. Ansak, erraterako, hobekien jantzitako artzainaren saria jaso zuen. Arraza hoberenaren bigarren saria berriz, Amaiurko Ixtilarten zakurrak eskuratu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun