Migel Mari Urrutia saldiastarra tanto bakar bategatik gelditu da buruz buruko Kutxa Torneoko finalerdietatik kanpo. Ligaxkako partida atzo, asteartea, jokatu zuen Urrutiak Patxi Zeberioren kontra eta gipuzkoarrak 30-25 irabazi zion. Bigarrren postuan berdinketa hirukoitza izan zen Zeberio II.a, Juaristi eta Urrizaren artean, eta Zeberiok eginen du aurrera. Urrutiak 26 tanto behar zituen aurrera egiteko, baina ez zuen lortu. Horrenbertzez, larunbatean jokatuko den lehen finalerdian Koteto Ezkurra doneztebarrak Zeberio izanen du aurkari. Bigarren finalerdia Julen San Migel doneztebarrak eta Urrizak jokatuko dute irailaren 1ean.
Atzoko partidan Urrutia hasi zen aurretik (8-4), baina partidaren erdialdera emaitza orekatu egin zen, eta Zeberiok tarte ttikia ireki zuen (10-14). 17na ere berdindu zuten baina hortik aitzinera saldiastarra ez zen gehiago aurretik jarri. Markagailuan 25-28 zirenean emozioa nagusitu zen Hernaniko Galarreta pilotalekuan, saldiastarrak tanto bakarra nahikoa zuelako eta bi gipuzkoarrak. Baina azken honen alde joan ziren. Guztira 19 tanto egin zituen Urrutiak, huts bat eta lau falta saketik eta saketik lau tanto.