Nafarroako Gobernuko Kultura, Turismo eta Erakunde Harremanetako Departamentuak antolatzen duen Cultur programaren bidez, bi kontzertu eskainiko dira aste honetan Beran eta Donamarian. Ortzegun ilunabarrean nafar eta britainiar musikariez osatutako Hermano Lobo taldeak kontzertua eskainiko du Berako Herriko Etxeko plazan eta ekialdeko eta mendebaldeko musika-tresnak uztartzen dituen Oximoren Musiqa Nova taldea Donamariako Dorretxean ariko da ortziral ilunabarrean.
Berako kontzertua
Hermano Lobo taldea nafar eta britaniar musikariz osatutako talde kultura bat da. Tomania, The Caravinagres, Tindersticks edo Steve Harley & Cockney Rebel taldeetan ibilitako kideak elkartuta sortutako esperientzia da eta folk, pop, country, swing eta rock musika egiten dute. Berako emanaldia ortzegunean, abuztuak 23, 20:30ean hasiko da Herriko Etxeko plazan. Sarrera doan izanen da.
Donamariako kontzertua
Oximoron Musiqa Nova taldeak ez-ohiko soinua egiten du. Ekialdeko eta mendebaldeko instrumentuak naturaltasunez eta sormenez konbinatzen dituzte. Kontzertuan Teobaldo I.aren eta bertze trobatzaile batzuen Erdi Aroko musika-lanak entzunen dira, sefardien eta hispaniar-musulmanen kulturetako musikekin batera. Tartean Erdi Aroko euskaraz idatzitako olerki baten gainean konposatu den abesti bat ere badago, bertze sormen-lan batzuekin batera. Maria Etxeberria (sopranoa), Juan Manuel Rubio (santur, laute arabiarra, panderoa eta riq), Ekhi Okaña (zeharkako xirula) eta Santiago Pizana (marinba eta txalaparta) dira musikariak. Donamariako emanaldia 19:30ean hasiko da Dorretxean eta sarrera dohainik izanen da.