Urrutiak buruz buruko txapelketako lehen partida irabazi du

TTIPI TTAPA 2012ko abuztuaren 16a

30-24 irabazi dio Juaristiri eta lehen puntua eskuratu du

Miguel Mari Urrutia saldiastarrak 30-24 irabazi zion Juaristiri buruz buruko Kutxa erremonteko bere lehen partidan.

Miguel Mari Urrutia saldiastarrak 30-24 irabazi zion Juaristiri buruz buruko Kutxa erremonteko bere lehen partidan.

Asteartean Galarretan jokatutako partida galtzen hasi zen Migel Mari Urrutia, 1-8. Garbi dago Mexikora joan baino lehenago zuen sasoi punttuua ez duela eta ez duela orduan bezalako kolperik eta sakerik, baina halere partidan sartzen joan zen eta hamarna berdintzea lortu zuen. Partida gogorra jokatzen ari ziren bi pilotariak, berdindua, baina halere 22-18 aurretik jarri zen saldiastarra eta bere esperientziari esker, alde horri eutsi zion. Gainera, azken aldera frexkoago ailegatu zen Urrutia, 30-24 irabazteko. Piloteoan 20 tantu egin zituen, sakearekin 5 eta sakez 3 falta ere egin zituen, kolpea falta zaionaren seinale. Eta horren beharra izanen du, Urriza, San Miguel edo Ezkurrari aurre egin nahi badie.

 

Abuztuaren 14ko emaitzak Galarretan

1. Matxin VI-Labaka, 25; Otaegi-Saldias, 35

2. Urrutia, 30; Juaristi, 24 KUTXA TXAPELKETA 2012

3. Urriza-Etxeberria III, 36; Uterga-San Miguel, 40

4. Endika-Zubizarreta, 30; Oñatz-Barrenetxea IV, 20

 

Zeberio II eta San Miguel aurrez aurre

Abuztuaren 16an, ortzegun arratsaldeko 16:00etan Galarretan hasiko den jaialdiaren barrenean Kutxa txapelketako partida jokatuko dute Zeberio II eta Julen San Miguelek. Berez joan den larunbatean jokatzekoa zen partida, baina Elduaingo aurrelaria min hartua zegoenez, atzeratu egin zen. Nahitaez irabazi beharreko partida da gipuzkoarrarentzat, lehen partidan galdu egin baitzuen Juaristiren kontra. San Miguelek, aldiz, 30-20 irabazi zion Juaristiri eta lasaiago ekinen dio partidari. Irabaziz gero, automatikoki finalerdietan izanen litzateke doneztebarra.

 

Abuztuaren 16ko kartelera

1. Urrutia II-Aizpuru II,Otaegi-Labakaren kontra, 35 tantura

2. Zeberio II, San Miguelen kontra, 30 tantura KUTXA TXAPELKETA

3. Uterga-Etxeberria III, Juaristi-Ionen kontra, 40 tantura

4. Matxin III-Barrenetxea IV, Oñatz-Olazar-en kontra, 30 tantura

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun