2011ko maiatzean ez zen inor aurkeztu Donamariako udal hauteskundeetan, baina urte hondarrerako, lagun talde bat bildu zen, Herriko Etxeko kontuak eramateko. Horien buru Mikel Arregi da, alkate berria. 8-9 hilabete daramazki karguan eta balorazio ona egiten du, «herria egoera oso onean hartu dugu, aurreko udalak lan asko egin zuelako eta konten nago daukagun udal taldearekin». Egunerokoan, orain ez duela kasik denbora librerik erran digu Arregik, baina alkate bezala lehen bestak izanen dituen hauetan, ez omen zaio sobera aldatuko bestak bizitzeko modua: «Orain ez naiz kiosko gainera goratuko mikrofonotik kantatzera (broma da!). Bestak berdin berdin segittuko dute niretzat». Udala eta gazteen artean bilerak egiten dituzte bestak antolatzeko, «lehenengo bilera otsaila-martxoa aldera egiten dugu eta gero udaberrian gehiago» erran digu alkateak. Bestetan gehien gustatzen zaiona «lagunekin eta herritarrekin egotea» da, «urte osoan zaila izaten delako denak elkartzea, eta bestetan hori lortzen delako». Gaua edo eguna aukeran emanda, «eguna» nahiago duela aipatu digu Mikel Arregik, eta bestetako aurrekontuan ez dela aldaketa handirik, «urtero bezalakoa, ez gehiago eta ez guttiago». Alde horretatik, bestei dagokienez ez omen dute krisia sobera somatu Donamarian, «egunak mantendu ditugu eta egitaraua antzekoa da». Beraz, berrikuntza handiegirik ere ez da izanen baina zerbait aipatzerakoan, «berrikuntzetako bat, gazteen egunekoa da, paellada bat antolatuko dugu bazkaltzeko eta arratsaldean ‘bertso-pilota’». Abuztuaren 15 inguruan Amabirjin bestetan murgilduak izaten dira eskualdeko eta Euskal Herriko herri aunitz, baina Donamariakoek izaten dute bere berezitasuna, alkateak aipatu digunez: «Herri bazkaria egiten dugun egunean, bazkalondoan, bertsolariekin monjengana joaten gara, eta han bertsotan eta kantari aritzen gara monjekin (komentuan)». Txupinazoa zeinek bota, horri ez omen diote inportantzi handiegirik ematen eta horregatik, «txupinazoa edozeinek botako du, ez dugu erabaki, ez daukalako garrantzirik». Beraz, bestak nork hasiko dituen begiratu gabe, Donamariara hurbiltzeko eta herritarrekin batera ongi pasatzeko gonbitea egin du Mikel Arregi alkateak.