«Besten aurrekontua %20 jaustea lortu dugu, etxalartarrek borondatea erakutsi dutelako»

TTIPI TTAPA 2012ko abuztuaren 14a

Maite Irisarri, Etxalarko kultur zinegotzia. Artxiboko argazkia

Sortzez Gososta baserrikoa den Maite Irisarri Babaze, 3 seme-alaben ama eta azkeneko legealdian, kulturako zinegotzia da. Etxalarko besten antolaketan buru-belarri ibili da. Aurrekontuari dagokionez, «joan den urtean eta aurten bereziki, egoera ekonomiko zai­la dela eta, saiatu gara ahal den neurrian, presupuesto hori jausten, izan ere %20, gutxi gora behera, jaustea lortu dugu», aipatu digu. Hori bi aldetara lortzen ahal dela ere erran digu, «lana aunitz eginez udaletik, prezio eta kalitate hoberenak begiratu eta lortzeko aktuazio guztietan eta, batez ere, jendearen borondatearekin: hainbat eta hainbat gazte daude bestetan (txistularik, trikitilarik, pilotarik, herri kirolarik, ...), lana beraien borondatez egiten dituztenak eta noski aintzinera ederki eramaten dituztenak». Horregatik aurten, herriaren alde lan egin duen norbaitek txupinazoa botatzea gustatuko litzaioke, «bizpahiru aukera aztertzen ari gara, baina oraingoz ez dago era­bakia nork piztuko duen lehen suziria». Aurtengo programan aldaketa nagusia hilaren 18ko musikaren kontua dela e­rran digu Irisarrik, «gazteek beraien borondatea agertu zutelako, bai gau hori antolatzeko eta ordaintzeko ere. Aipatu ere, Pilota eta Mus txapelketako sariak, partiden ondotik banatuko direla, ez bertze egun batean, egokiagoa iruditzen zaigulako. Gaineko guztia, betiko ildo beretik segitzen saiatu gara». Herriko Etxean sartua zaudenean bestak hagitz ezberdin ikusten direla ere onartu du, «erres­ponsabilitate guztia zure gain dago, dena ongi kontrolatzen saitu behar duzu, gauzak behar diren bezala ateratzeko, ‘tentsio’ puntu batekin pasatzen dituzu besta guziak…». Maiteri per­tsonalki, bestetan gehien gustatzen zaiona, dudarik gabe, «Amabirgin eguneko dantzarien saioa eta herri kirol desafioa» dira, baina bertze guzia ere aunitz gustatzen zaio, «aukera ematen duelako adin guzietako jendeak ongi pasatzeko». Ama denetik besta bizitzeko modua aunitz aldatu zaiola onartzen du, «batzutan besta egiteko txirrinta hori sartzen zait, klaro, baina hurrengo goizean, 07:30 aldera, gure ’diana’ partikularra haiten denean… pentsatze hutsarekin joaten zaizkit gogoak (ja, ja) behin umeak izanda, bertze obligazio batzuk dituzu, guraso bezala eta neretzat, bi gauzak ez dira konpatibleak, ez ttikiak direlikan behintzat».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun