«Itsasoak zikinkeria guztia irensten du eta ikusten ez denez…»

TTIPI TTAPA 2012ko abuztuaren 14a

Manta-raia Sangalakin, Indonesian Patxi Iriarte

Euskal Herriko eta Mundu zabaleko itsasoetan irudi ederrak hartzen ditu iruritarrak

1964an sortu zen Iruritan Patxi Mak Iriarte argazkilaria. 18 urterekin hasi zen argazkilaritza ikasten eta azken 30 urtetan ofizio eta afizio hori lantzen eman du. Baina argazkilaritza ‘konben­tzionalaz’ gain, bertze bereziago bat ere lantzen du, ur azpiko argazkilaritza. 1990ean hasi zen buzeatzen, «ikastaroa egin nuen, neskarekin, titulua ateratzeko, baina ordura arte, Hondarribiko Faroan egiten genuen lehenbiziko saioak. Afizio ikaragarria genuen. Orduan, titulua jende gutik ateratzen zuen, bonberoek-eta bakarrik, eta ikastaroa eta frogak arras gogorrak ziren».

Ur azpian igeri egiteaz gain, lur gainean duen ofizioari segituz, ur azpiko irudi ikusga­rriak ere biltzen ditu argazkian eta bideoan.

22 urte hauetan, noski, ekipamenduan aldaketa handiak izan dira, bai buzeo, bai argazki ekipoetan. Patxi Iriartek aipatu digunez, «duela 22 urte equipamendua oso oso basikoa zen, bai trajeak, kontrola­tzeko aparailuak… neguan hotz ikaragarria pasa­tzen genuen, jan­tziak oinarri-oinarrizkoak zirelako. Gaur egun urpekari jantzi idorrekin buzeatzen dugu, arras teknikoak dira eta Kantauri itsasokoa bezalako ur hotzetan atseginagoa egiten dute buzeoa. Kontrol aparailuak ere sofistikatuak dira orai (sakonera kontrolatzeko, karga kopurua, aire nahasketa, etabar…) eta orai buzeoa ziurragoa da. Argazki kamerei dagokienez, hasieran urpeko kamera bat izaten zen bakarrik eta orain edozein argazki edo bideo makina sakonera handira eramatera posible egiten duten karkasak daude».

Azkeneko moda, aunitz erabiltzen den Gopro Hero kamera omen da. «Neurri ttiki-ttikiko kamera digitala da –dio Iriar­tek– kalitate handiko argazki eta bideoak egiten dituena eta erabilera anitz dituenez, arrisku-kiroletan eta aunitz erabiltzen da. Osagarri aunitz ditu eta edozein azaleran kon­tzeko moduko euskarriak ditu. Nik urpekari­tzarako karkasa berezi batekin erabiltzen dut. Reflex kameraren karkasara engantxatzen dut (arras deigarria da, flashak kontzen dituzten besoengatik) eta murgiltze berean hainbat bideo eta argazki formato lortzen ahal ditut».

Txapelketetan ere aurkeztu ditu Patxi Iriartek bere bideo eta argazkiak eta sariak ere irabaziak ditu. Nafarroako urpeko argazkilaritza lehiaketara urtero aurkezten ditu bere lanak eta irabazi duen urteetan Nafarroa ordezkatu du Espainiako txapelketan. «Urteren batean Donostiako urpeko zine Festibalean ere aurkeztu ditut nere lanak, argazki muntaia sailean. Maila handia izaten da, baina noizbait emaitza onak lortu ditut», aipatu digu argazkilariak.

Iriarteren ustez, buzeatzeko oinarrizko ekipoak urpeko jantzia, aletak, guanteak, txalekoa, erregulatzailea, betaurrekoak eta eskumuturreko ordenagailua izan behar ditu, botilak eta berunak buzeo zentroetan alokatzen direla kontuan hartuz. Urpeko argazkilaritza egiteko, be­rriz, marka guztiek dituzten urperako karkasaz gain, flasha ere nahitaezkoa da, «sakoneran ez baitira koloreak bereizten argi gehigarririk gabe (flasha, fokoa…). Argi naturalarekin, ur sakonean dena urdin eta berde tonoan ikusten da». Hainber­tze tramankulurekin afizio garestia ote den galdegin diogu iruritarrari. «Egia da ekipoan inbertitu behar dela, baina pixkanaka egiten ahal da eta ongi zainduz gero, urte auni­tzetarako ekipoa daukagu».

 

«Bale-marrazoa izan da nere topaketarik ikusgarriena»

Hogei urte baino gehiago daramazki urpean igerian eta urpekari batek izan dezakeen topaketarik ikusgarriena bale-marrazoarena dela uste du, «10-12 metro luze izan dezaketen zenbait marrazo heldu ikus­teko aukera izan genuen Ekuadorko Galapago uharteeta iparraldean». Baina, Fidji edo Papua Ginea Be­rria ere ikusgarriak direla dio: «neurri ttikiko fauna eta paisaiak ikusgarriak dira, Fidjin zezen-marrazo eta tigre-marra­zoekin buzeatu genuen, eta ikusgarriak dira hango koral-basoak, ikusgarriak eta ongi kontserbatuak; Galapagoetan mailu-marrazoak eta bale-marrazoak ikusten dituzu…». Eta oraindik ikusi gabeko itsas animalien zerrenda «amaigabea» litzatekeela, «baina dudarik gabe, Nautylusa, eraztun urdineko olagarroa, itsas krokodiloa edo nere argazkietan falta diren marrazoak», aipatu digu. Denbora honetan nabarmen beheiti egin omen du itsas azpian ikus daitezkeen animalien kopurua, «alde batetik itsas eta espezie guztiak agortzen dituen gehiegizko arran­tzarengatik, itsas hondoa suntsitzen duten sistemak erabiltzen baitira oraino, baina baita kutsadurarengatik ere. Itsasoak dena irensten du eta ikusten ez denez… Sinestezina da zenbat zikinkeriarekin egiten ahal duzun topo, ikusten ez dena kontatu gabe, noski. Klima aldaketa ere hor dago, zenbait itsasotan, tenperatura igoeraren ondorioz izan diren ko­rronte aldaketak hilga­rriak izaten ari baitira espezie aunitzentzat».

Zenbait herrialdetan, tokiko gobernuak itsasoa hobeki zaintzeko ai­tzakia izaten da urpekaritzaren afizioa, turismo mota indartsua izan baitaiteke itsasoa egoera onean baldin badago. Patxi Iriartek jakinarazi digunez, «gober­nu batzuk bere kostaldeen zati garrantzitsuak babestu eta turismoa eta arrantza mota tradizionala bateragarriak izateko moduan kudeatzen dituzte. Fidjira egin genuen azken bidaian estazio biologiko batean buzeatu genuen. Han arrantzaleak metodo tradizionalak eta jasan­garriak erabiltzen dituzte, ez zituzten marra­zoak arrantzatzen, baina urpekari bakoi­tzak sortzen duen irabazien zati bat eramaten zuten. Urpekariak garraiatzen ere ibiltzen ziren bere txalupetan. Baina, zoritxarrez, hori ez da toki auni­tzetan gertatzen».

 

Marrazoenganako beldurra areagotu zuen Tiburón-ek eta pailazo-arrainak desagertze bidean utzi ditu Nemok

Marrazo eta gisako itsas animalien artean igeri egiteak arrisku punttu bat ez ote duen erran diogunean, Iriarte ez dago sobera konforme. «Arriskurik handiena –dio– kontrolatzen ez duzun inguru batean zaudela da eta hutsegin dezakeen teknologia baten menpe zaudela. Konfidantza sobera izatea eta bikoterik gabe buzeatzea arras arriskutsua da. Marrazoa berez ez da arriskutsua, baina bere errakzioak kontuan hartu behar dira (territo­rioa, ehiza eremuak, estalketa garaiak…). Marrazorik handienek ttikiagoak edo baita bere espezieko marrazo gazteak ere jaten dituzte. Baina denak sarraskijaleak dira eta orokorrean, ahulenak direnak edo bere eremuan topatzen dituzten galdutako espezieak jaten dituzte… eta hor, azalera ateratzen direnean, gizakiekin zorigaitzeko topaketak izan daitezke. Egia da arazorik gabe hil­tzen ahal zaituela, baina normalean guregandik ihes egiten dute». Alde horretatik, Tiburón filmak kalte handia egin duela uste du Iriartek.

Baina marrazoa gizakiarentzat baino, hagitzez arriskutsuagoa omen da gizakia marrazoarentzat. Iriartek dioenez, «berak jaten dituen arrainen elikagai-oinarri guztia errausten ari gara eta hori gutti balitz, babes­t­uak egon edo ez, estatu espainia­rra marrazo-hegalen Europako es­portatzailerik handiena da. Arau guztiak hautsiz, dena errausten da eta gero, aitzakia bezala, harrapaketak istripuak izan direla erraten da. Eta honetan, zoritxarrez, euskal arrantzaleak ere bertzeen parean daude, palangrea erabiliz arran­tzarako, hau da, ur gaineko amuak jarriz».

Zineak bertze ondorioak ere u­tzi ditu itsasoan. Finding Nemo (Nemoren bila) marrazki bizidun filmaren arrakastaren ondorioz, Estatu Batuetako haur gehienek halako arrain­txo bat nahi izan zuten etxe­an. «24 pailazo-arrain mota daude eta preziski hori, Nemoren espeziekoa, desagertze bidean dago orai Indonesian», dio Iriartek.

 

Patxi MAK IRIARTE, URPEKARIA ETA ARGAZKILARIA

«Itsasoa ongi ezagutzen dute arrantzaleek, baina zaintzeko orduan ez dakit…»

Munduko hainbat itsaso ezagututa, nola ikusten duzu Euskal Herrikoa?

Presio handia bada. Arrantza modu arte­sanala egiten dela erraten dute, baina ba­tzuk legala eta bertze batzuk ilegala ere egiten dute. Gero, Gipuzkoa eta Bizkai­ko jendeaz gain, Nafarroa osokoa ere gaten da arrantzara, bat kainaberarekin, ber­t­zea pistolarekin, hura bere itsasontzi ttikiarekin. Kontsumismoaren ondorioz aunitz igo da kirol hori eta Iruñeko pijo guztiek, denek nahi zuten. Guk onddoebasleak erra­ten diegu gipuzkoarrei, baina igual xuxenagoa izanen zen eurek nafarrei olagarroebasleak deitzea. Erreserbatxoak egitea izan daiteke soluzioa, baina arrantzale kofradia gehienak kon­­tra daude. Itsasoa goitik behera ezagu­tzen dutela diote, eta seguruenik hala izanen da, baina zaintzeko ez dakit ho­rrenbertze ezagutzen duten…

Gure inguruan arrain eta itsas espezie ikusgarriak ere topa daitezke?

Beharbada ikusgarriena ataloa da, ilargi-arraina eta hori ikustera espreski etortzen da jendea kanpotik. Bitxia da baina Getaria aldean aunitz ikusten da. Ho­rretaz gain, isopodoak daude, halako krustazeo ttiki batzuk dira eta kaparrak bezala itsasten zaizkie arrainei. Azalean handitzen dira eta umeak ere bertan izaten dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun