Gizakia idiari nagusitu zaio Sunbillako desafioan

TTIPI TTAPA 2012ko abuztuaren 13a

Sunbillako gazteek irabazi zuten Errenteriako idiaren kontrako desafioa. Juan Mari Ondikol

Antton Espelosini ere omenaldia eskaini zitzaion

Sunbillako San Tiburtzio bestak hasteko desafio ikusgarria antolatua zuten. Herriko zortzi gaztek aurre egin zioten Errenteriako Patxi Illarretak ekarritako idiari. Aurre egin eta irabazi. 800 kiloko harriarekin 40 plaza egin zituzten gazteek eta 38 idiak.

Sunbillako San Tiburtzio bestak hasteko desafio ikusgarria antolatua zuten. Herriko zortzi gaztek aurre egin zioten Errenteriako Patxi Illarretak ekarritako idiari. Aurre egin eta irabazi. 800 kiloko harriarekin 40 plaza egin zituzten gazteek eta 38 idiak.

Zubiberri ingurua jendez gainezka zela ekin zioten desafioari. Gizonprobako taldean Unai, Asier, Igor eta Iker Bertiz lehengusuak, Xabier Petrirena, Luis Ibarra, Iñaki Mikelarena eta Arkaitz Vicente aritu ziren, 700 kilo denera. Badaezpada ere, ordezkoak ere prest zeuden, Daniel Bertiz eta Aitor Agirre, denak Antton Espelosinen gidaritzapean entrenatzen aritutakoak.

Berez Astigarragako baserri batekoa den idiak 620 kilo zituen eta lehendik gisa honetako bi apostu irabaziak bazituen ere, ezin izan zituen sunbildarrak garaitu. Beraz, kontent ageri zen Antton Espelosin eta oraindik kontentuago, omenaldi gisara txapel bat jantzi eta Aurreskua dantzatu ziotenean.

 

Txupinazo berezia

Desafio berezi hori bukatu bezain abudo txupinazoa bota zuten Sunbillan. Hau ere berezia izan zen. Alde batetik, Florentino Gelbentzu bestetako zinegotziak bota zuen lehen zinegotzia, baina bere ondotik, herriko bertze bi gaztek ere egin zuten, 15 urteko Ane Petrirenak eta 14 urteko Iker Espelosinek. Petrirenak, bigarren urtez segidan Espainiako 300 metroko lasterketa irabazi du kadete mailan, bietan ere Nafarroako errekorra hobetuz. Iker Espelosin, berriz, Nafarroako pilota selekzioarekin Espainiako txapeldun izan berri da. Beraiek eman zioten bortz eguneko bestei hasiera. Asteburu mugituaren ondotik, azken bi egunetan murgilduak daude Sunbillan.

Astelehen goizean herri krossa egin da eta kuadrillen bazkariaren ondotik, ura-ura eta apar besta izanen dira txarangak alaiturik. Goizean bezala, arratsaldean ere tren txutxua ibiliko da. Arratsaldez eta gauez dantzaldia Agerralde akordeoilariaren eskutik.

Asteartean, akitzeko, 09:30ean argi soinuak izanen dira. 10:00etan Mus txapelketa. 11:30ean Trikitixa jaialdia. 16:00etan Plater tiroketa. 16:00etatik 20:00etara puzgarriak. 22:00etan herri afaria. Arratsaldez eta gauez dantzaldia Angel Mari akordeoilariaren eskutik

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun