Berako Nerea Sorondok eta Amaia Garciak irabazi zuten abuztuaren 10ean emakumezkoen Euskal Herriko Txapelketa. Berako bikotea Nafarroako txapeldun eta Euskal Herriko azpitxapeldun izan zen iaz, baina aurten txapel nagusia janztea lortu du. Aiako pilotalekuan jokatu zen finala. Beroa izan zen protagonista, baina, hala ere, harmailak ia jendez bete ziren.
Lau bikote aritu ziren lanean, eta bakoitzak etzandako 45 ontzako enborrari hamar epai eman behar izan zizkion. Sorondo eta Garcia bikain aritu ziren hasieratik bukaerara. Hastapenean, Ferran eta Varela arabarrek eutsi egin zieten, baina pixkanaka gibelera egin zuten. Beratarrak tartea zabaltzen joan ziren, eta gibeletik, Nuñez eta Lopez lezaundarrek, Arabako bikotea gainditu zuten.Ferran eta Varela hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Sanchez eta Urriza nafarrak laugarren izan ziren.
Etxenike eta Irigoien baztandarrak azpitxapeldun gizonezkoen bigarren mailakoan
Leku berean jokatu zen Euskal Herriko Bigarren Mailako finala ere, baina kasu honetan gizonezkoena. Hiru bikote neurtu ziren, eta bakoitzak hamar epai eman behar izan zizkion etzanda jarrita zegoen 45 ontzako enbor bati, eta beste bortz, zutik jarritakoari. Pikabea anaiak ziren irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Neurketa, ordea, oso polita izan zen, Iruritako Guillermo Etxenikek eta Anizko Andoni Irigoienek osatu zuten bikotea beti gainean izan zutelako, eta une batzuetan aitzinetik ere bai. Baina bukaera aldera tartea gehitzen joan ziren, eta bukaeran 36 segundoko tartearekin lortu zuten garaipena. Baztandarrak azpitxapeldun izan ziren eta Oteiza eta Berruezo, berriz, azken postuan sailkatu ziren.