Euskal Herriko emakumezkoen trontzalari txapelketa eta gizonezkoen bigarren mailakoa jokatuko dira abuztuaren 10ean Aian

TTIPI TTAPA 2012ko abuztuaren 9a

Joan den urtean Nafarroako trontzalari txapelketa jantzi zuten Amaia Garcia eta Nerea Sorondok Euskal Herrikoa janzten saiatuko dira ortziralean Aian. Artxiboko argazkia

Larunbatean, Euskadiko orga txapelketa Algortan eta hirugarrem mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa Leitzan izanen dira

Heldu den asteburu hau mugitua izanen da herri kirolari dagokionez. Abuztuaren 10ean, Euskal Herriko emakumezkoen trontzalari txapelketa eta gizonezkoen bigarren mailako trontzalari txapelketa jokatuko dira Aiako pilotalekuan.

Heldu den asteburu hau mugitua izanen da herri kirolari dagokionez. Abuztuaren 10ean, Euskal Herriko emakumezkoen trontzalari txapelketa eta gizonezkoen bigarren mailako trontzalari txapelketa jokatuko dira Aiako pilotalekuan.

Gizonezkoei dagokienez, uztailaren 1ean jokatu zen kanporaketa Usurbilen eta finalerako sailkatu ez ziren hiru bikoteek bigarren mailako finala jokatuko dute ortziral arratsaldeko 17:30etik aitzinera Aiako pilotalekuan. Hiru bikoteak nafarrak izanen dira eta Anizko Andoni Irigoien eta Iruritako Guillermo Etxenike izanen dira eskualdeko ordezkariak. Pikabea anaiak eta Alberto Oteiza eta Adrian Berruezo izanen dituzte arerio.

Emakumezkoetan, Nerea Sorondo eta Amaia Garcia beratarrak izanen dira eskualdeko ordezkari. Iaz, Nafarroako txapeldun izan ziren lehen aldiz eta Euskal Herrikoan azpitxapeldun izan ziren. Joan den urteko txapeldunak ari ez direnez, aukera ona izanen dute Euskal Herriko txapela ere janzteko. Beraiekin batera, Naiara Ferran eta Marta Varela gasteiztarrak, Lezaungo Ana Lopez eta Itziar Nuñez eta Susana Sanchez eta Ainara Urriza lehiatuko dira.

 

Euskadiko orga joko txapelketa abuztuaren 11n

Algortan Bertze aldetik, Euskadiko orgajoko txapelketa jokatuko da abuztuaren 11n, larunbat arratsaldeko 18:00etan Algortako portu zaharrean. Lazaro Bujan leitzarra izanen da Nafarroako ordezkari bakarra. Berekin batera Oscar Saez del Castillo eta Eduardo Fernandez de Retana arabarrak, Oscar Perez (iazko txapelduna), Joxe Lapazaran eta Xabier Pujana bizkaitarrak, Gorka Arreitunandia gipuzkoarra eta Pierre Casuso eta Jérome Larzabal lapurtarrak ariko dira lehian.

 

Euskal Herriko hirugarren mailako aizkolari txapelketaren bigarren kanporaketa Leitzan

Euskal Herriko hirugarren mailako aizkolari txapelketaren bigarren kanporaketa jokatuko da abuztuaren 11n, larunbat arratsaldeko 19:00etan Leitzako plazan. 11 aizkolari ariko dira 4 enbor kanaerdiko mozten eta bik bakarrik lortuko dute azaroaren 11n Aldatzen jokatuko den finalerako txartela. Ruben Saralegi, Eneko Saralegi eta Julen Olano leitzarrekin batera, Beintza-Labaiengo Martin Telletxea izanen dira Nafarroako ordezkariak. Beraiekin batera, Arkaitz Jauregi arabarra, Xabier Garcia, Alex Txikon eta Done Intxausti bizkaitarrak eta Jon Larrañaga, Xabier Dorronsoro eta Iñigo Uzkudun gipuzkoarrak ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun