Abuztuaren 5ean, igande arratsaldean jokatu zen Euskal Herriko hirugarren mailako aizkolari txapelketaren lehen kanporaketa. Hameka aizkolari ziren aritzekoak, baina azkenean, Patxi Mindegiak ezin izan zuen parte hartu osasun arazoengatik. Lau kanaerdikoak mozten Raul Kastro urroztarra izan zen bizkorrena (9:22) eta Arostegiko Julen Kañamaresekin batera (9:40), finalerako txartela lortu zuten. Finala azaroaren 11n jokatuko da Aldatzen.
Ondotik sailkatu ziren Asteasuko Jokin Alkizalete (10:09), Ibarrako Iñaki Agirre (10:33), Ugao-Miraballesko Aritz Irazabal (11:08), Etxarri Aranazko Goizeder Beltza (11:18), Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria (11:23), Arabako Baldegobia bailarako Ramiro Llanos (11:30), Araiako Eloy Corchero (12:34) eta Zestoako Xabier Bergara (14:28).
Txapelketa honetako bigarren kanporaketa abuztuaren 11n jokatuko da Leitzan, arratsaldeko 19:00etan.