Bidasoako trenbide zaharra, Endarlatsa eta Doneztebe artean, bide berde gisa berreskuratu eta egokitzeko lanak 2013ko udan bukatuko dira, behin Nafarroako Gobernuak ibilbide hau Udalaz Gaindiko Eragina duen Proiektu Sektorial (PrSIS) izendatu eta gero. Erabaki horrekin argi berdea ematen zaio bide-gune hori turismorako, kirolerako nahiz aisiarako ibilbide gisa segurtasunez erabiltzeko egokitzeari.
Luis Zarraluqui Sustapen Departamentuko kontseilariak Bidasoa inguruko baliabide turistiko garrantzitsu hau bisitatu zuen abuztuaren 3an Sunbillan. Joan den udan egindako ikerketa baten arabera, bide honek bailarako ekonomian duen eragina 796.000 eurokoa da.
Lanek 873.003 euroko aurrekontua dute. Europar Batasunak kofinantzatuko ditu %65ean, 2011-2013 biurtekoan Nafarroa buru den Pirinioetako Lan Elkarteak (PLE) kudeatzen duen Poctefa programaren bidez. Gainerako %45a Nafarroak jarriko du, Foru Gobernuak 278.833 euro eta Bertiz Partzuergo Turistikoak, proiektuaren sustatzaileak, 26.718 euro.
Bide-gune horrek, gutxi gorabehera 27 kilometrokoa, Doneztebe, Sunbilla, Igantzi eta Lesakako udalerriak zeharkatzen ditu eta ibilbide handiago baten atala da, Irungo Behobia auzoa eta Elizondo arteko 49 kilometroko ibilbidearena, hain zuzen. Etorkizunean, Iruñarekin lotu nahi da bide hau Plazaolako bide berdearen bidez.
Trenbide-plataforma zaharra berreskuratzeko, leheneratzeko eta egokitzeko ekintzak aurreikusita daude eta, baita, jatorrizko trazadura galdu den tokietan bide-gune berriak eraikitzeko ekintzak ere.
Lurpeko pasabidea Alkaiagan
Jarduera nagusia N-121-A errepidearen azpitik, Alkaiaga inguruan, eginen den lurpeko pasabidea eraikitzea izanen da. Obra hori, gutxi gorabehera, 500.000 euro kostatuko da. Horrekin batera, trazaduraren seinaleztapena, tunelen argiztapena eta bide berdea igaroko den zonatan egokitzapen desberdinak gauzatuko dira. Gainera, babesteko eskudelak jarriko dira erortzeko arriskua egon litekeen bide-guneetan.