Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketako lehenbiziko kanporaketa jokatuko da abuztuaren 5ean, igande arratsaldeko 18:30etik aitzinera Beintza-Labaiengo pilotalekuan. Txapelketa honetan hiru kanporaketa jokatuko dira eta kanporaketa bakoitzeko lehen bi aizkolariak finalerako txartela lortuko dute.
Beintza-Labaiengo saioan hameka aizkolari lehiatuko dira, tartean herriko Jesus Etxeberria, Zubietako Patxi Mindegia eta Urrozko Raul Castro. Beraiekin batera, Goizeder Beltza eta Julen Kañamares nafarrak, Ramiro Llanos eta Eloy Corchero arabarrak, Aritz Irazabal bizkaitarra eta Iñaki Agirre, Jokin Alkizalete eta Xabier Bergara gipuzkoarrak ariko dira, lau kanaerdiko nork lehenago moztu.
Bigarren kanporaketa abuztuaren 11n jokatuko da Leitzako plazan, 19:00etatik aitzinera. Hemen ere 11 aizkolari plazaratuko dira: Aritz Jauregi arabarra, Xabier Garcia, Alex Txikon eta Done Intxausti bizkaitarrak, Jon Larrañaga, Xabier Dorronsoro eta Iñigo Uzkudun gipuzkoarrak eta Ruben Saralegi, Eneko Saralegi, Martin Telletxea eta Julen Olano nafarrak.
Hirugarren eta azken kanporaketa abuztuaren 25ean jokatuko da Lakuntzako plazan, bertze 11 aizkolarirekin: Iñaki Kintana (Araba), Aritz Oregi, Beñat Lekue eta Xabier Garitaonaindia (Bizkaia), Aitor Urteaga (Gipuzkoa) eta Juanjo Erdozia, Asier Pellejero, Angel Eraso, Ibai Resano, Ariz Goñi eta Iñaki Vazquez (Nafarroa).
Erran bezala, kanporaketa bakoitzeko bi lehenbizikoek jokatuko dute finala oraindik erabaki gabeko egunean eta tokian. Hori bai, orduan lan ezberdina izanen dute: hiru kanaerdiko eta bi 60 ontzako moztea.