Iñaki Erro elizondarra 1987an atxilotu zuten eta kartzelan urte gehien daramatzan eskualdeko presoa da, 25 urte. Berriki arte, Naia Lacroix senpertarra zen atxilotutako eskualdeko azkena, otsailean atzemana. Baina azken asteotan bertze atxiloketa bat izan da: Beñat Atorrasagasti lesakarra uztailaren 13an atxilotu zuten Eskozian, Madril eta Parisen euroaginduz. Berak, ordea, uztailaren 16an Eskoziako epaile baten aitzinean deklaratu eta estatu espainiar eta frantziarrera estraditatzea baztertu zuen. Abuztuaren 2an berriz deklaratu beharko du Edinburgon eta bitartean atxilotuta edukiko dute.
Etxerat euskal preso politikoen senideen elkartearen arabera, 13 dira Frantzia eta Espainiako espetxeetan dauden eskualdeko preso politikoak, 6 estatu espainiarrean eta 7 estatu frantziarrean. Senideek kilometro saila egin behar dituzte bisitatzera joateko eta etxeko edo lagunek senidea preso izatea nola bizi duten jakin gogoz, lau seniderekin egon gara.
Trini MIRANDA
Jone Lozanoren ama (ARESO)
«Normalizazioa ezinezkoa da maite dena ikusteko 700 km egin behar direnean»
«Goizeko 8etan jaso nuen dei hura ez dut sekula ahaztuko. Mundua gainera etorri zitzaidan, dena beltz jarri zen. Baina berehala, horrelako egoera mingotsetan esperientzia dutenen laguntza jaso genuen, geroztik gure bizitza markatu duen bidean kokatu eta orientatzeko». Trini Mirandaren hitzak dira, eta Jone alabaren atxiloketaren berri izan zuen uneaz ari da. Familia ttikia bada ere, Joneren hurbileko lagunei esker, familia haundi batean sentitu dela aitortu digu, eta hori ez duela inoiz ahaztuko. «Hasieratik ingurukoen babesa izugarria izan da, eta espetxeratu zutenetik 16 hilabetera orduko elkartasuna sentitzen dugu».
Jone preso dagoenetik «sentimendu kontrajarriak» omen ditu: «batetik, indartsu eta animoso egoten saiatzen naiz, berak horrela egotea nahi duelako eta horrela behar gaituelako. Baina bestetik, eguneko 24 ordutan amorrua eta haserrea sentitzen ditut, eta beheraldiak izaten ditut. Gogorrena, behartuta, Jone falta izatea egiten zait».
Aldi bakoitzean, 900 bat kilometro egiten dituzte Jone ikusteko, eta «hain urruti egoteak egoera are krudelagoa» egiten du Trinirentzat: «atxiloketa unetik senideei ezartzen diguten zigor gehigarria ulertezina eta krudela da». Kudeaketa pribatua duen Lyongo kartzelan du alaba, eta euskal preso politikoak dauden lehen aldia da. Gutxieneko eskubideak lortzeko borroka egin behar izan dutela azaldu digu: «isolamendu eta gose grebetatik pasatu dira, eta orain egoera lasaia da». Astero gutxienez bisita bat egiten diote, eta batzuetan bi. «Gure maitasun eta babes guztia eramaten saiatzen gara», dio. Halere, bere irudiz, «lagun askoren bisita garrantzitsua da, bakoitzak Euskal Herriaren zati bat biziarazten diogulako eta gure artean sentiarazteko modua delako».
Espetxean dagoenetik «alaba zuhurrago eta helduago» ikusten du: «egunean 22 ordu ziegan egotearen ondorioz, norbera hobeki ezagutzen da». 25 urterekin «muturreko egoera gogorrak bizitzen» ari dela uste du, eta «behartutako abiaduran heldutzen ari dela».
Egoera politiko berriaz hauxe iritzi dio: «Euskal Herriaren eskubidea onartu gabe segitzen dute, baina itxaropenez begiratzen diot egungo egoerari, eta batez ere, ideia eta ekimen berriak dituzten hainbeste gazte ikusteak animatzen nau». Espainiar eta frantziar estatuen jarreraz, ordea, zera dio: «noraezean dauden eta iniziatibarik gabeko politikariak daude estatuen buru, ez diet egoerak eskatzen duen ausardia eta borondaterik ikusten eta gure presioak behartuko ditu zerbait egitera». Bere hitzetan, «uste baino gehiago kostako zaigu, baina presoen etorkizuna etxean, herrian, beraien inguruarekin eta Euskal Herrian gizarte justu eta solidario bat izan dadin lanean ikusten dut».
«Lehen minututik jaso dugun babesa eskertu» nahi dio jendeari, «ez garelako inoiz bakarrik sentitu, eta preso eta errefuxiatuak ekartzeko ekimenak babesteko ere eskatuko nieke. Gizarte honen normalizazioa ezinezkoa da, 600 familiatik gora eta hauen inguruak maite dutena ikusteko bataz beste 700 kilometro egin behar dituztenean». Alabari, berriz, hauxe: «animoak eman, bere tokia zain duela eta maite dugula. Gure babes eta indar guztia ditu hori ahalik eta azkarren lortzeko».
Haritz GAZTELU
Joxemiel Gazteluren iloba (ELIZONDO)
«Bisitaren ondotik, hurrengora arte erratea da gogorrena»
«Atxilotu zutenetik 15 urte pasatu dira eta gauza aunitz gertatu dira tartean, atxilotzerakoan inkomunikaturik pasatutako bortz egunak, epaiketa eta sententzia, jasandako trasladoak –bortz kartzelatik pasatu da eta gero eta urrutiago dago–, gose grebak... Horiek guztiek kezka sortzen dute eta momentu txarrak pasatzen dira». Haritz Gaztelu da solasean ari dena, osaba preso egotea nola daraman galdetuz hori erran digu. Gaineratu digunez, «batez ere hasierako bortz egunez zer eginen zioten beldurrez egon ginen. Bere aitaren hileta egunean hemen egon eta berriro eraman zuten unea bereziki gogorra izan zen».
Inguruan babesa somatu du, baina «denetarik badagoela» aitortu digu: «badaude interesatzen direnak, ikustera joaten direnak edo bertze modu batez laguntzen dutenak. Bere bizitokian babes aunitzez ere zabalagoa jaso du eta zerbait eman duenari eskerrak eman behar zaizkio».
Bisitetaz ere mintzatu zaigu. 1.100 bat kilometro egin behar dituzte osaba ikusteko eta horretarako, «esfortzu haundia egin behar dela» dio. Baina garbi du bisita dela «presoari bizia ematen diona». Hilabetero familiarekin bis a bis bat izaten du, eta bikotekidearekin bertze bat: «hauetan berekin kontaktua izan dezakezu eta ordu eta erdi irauten dute». Aldiz, lagun arteko bisitak kristal baten bitartez dira eta 40 minutukoak. Algecirasera joateko, berriz, senideak bisitatzera astero Euskal Herritik ateratzen den autobusa erabiltzen dute. Funtzionarioekin duten harremanaz ere galdetu diogu: «normalean ez da arazorik izaten, nahiz eta beti baden baten bat izorratu nahian. Orain, zozketa bidez izaten diren katxeoak eta hatz markak utzi behar ditugu».
Osaba nola dagoen ere jakin nahi izan dugu: «berak ez du gai honetaz aunitzik aipatzen galdetzen ez badiozu. Bere nahia kanpokaldera itxura ona ematea eta umoretsu egotea dira». Baina Haritz «seguru» dago «une txar aunitz izanen dituela. Gaizki daudenean kideek elkar lagundu eta animatzen dute beheiti ez etortzeko». Gaineratu digunez, Euskal Herrian sortu den egoera politiko berriarekin «zerbait eginen denaren itxaropenez daude presoak, baina jakinda aunitz kostako dela eta oraindik ere edozein mugimendu egiteko aunitz borrokatu behar dela». Etxekoek ere egoera berri honekin «itxaropen gehixeago» dutela erran digu: «baina argi dugu estatuari pausuak ematea aunitz kostatzen zaiola eta gu ez bagara mugitzen beraiek arras eroso daudela dauden bezala. Estatuek psikologikoki eta errepresioa erabiliz irabazi nahi digute, baina ez dugu gure bidean etsi behar».
Senide izanda, bere kezka nagusiena «presoaren egoeraren berri ez izatea» omen da. Eta gogorrena?: «bisitaren ondotik, hurrengora arte erratea, bera ikusteko ehunka kilometro egin, eta arras motza da bisita».
Herritarrei «presoak Euskal Herrian ikusi eta egoera berri honetan aitzinera pausuak eman daitezen, gure kezka eta haserrea erakusteko kalera atera behar dela» adierazi nahi izan die eta espetxean daudenei «animorik haundienak» bidali.
Gaizka SARASOLA
Mattin eta Andoniren anaia (LESAKA)
«Egun bakoitza borroka bat da, gainditu beharreko erronka zaila»
«Anaiak erraten zuen bezala, zoritxarrez edo zorionez, pertsona zertara ohitzen ahal den ohartzea tristea da. Bizitzak, berez, kolpe latzak ematen ditu eta horietara moldatu behar izaten dugu, eta guk ere, gure senideek pairatzen dituzten baldintzetara egokitu behar dugu etengabe». Halaxe adierazi digu Gaizka Sarasolak. Bi anaia ditu preso, Mattin Jaenen eta Andoni La Santen.
Aitortu digunez, «atxiloketa bera izaten da gogorrena, baina horren ondotik, altxatu eta ibiltzen hastea egokitzen da, eta ibilbide luze horretan garai xamurragoak edo gogorragoak daude, garaiko kartzela politikaren edota espetxearen jarreraren araberakoak hein haundi batean». Gaineratu digu, «miaketak zirela eta, urte eta erdi pasatu ditugula aurrez aurreko bisitarik gabe. Batzuetan bisitara joan eta espetxean anaia kartzelaz aldatu dutela erran eta bera ikusi gabe bueltatu behar izan dugu». Halakoetan, babesa garrantzitsua izaten da: «presoek premiazkoa dute etxeko eta lagunen babesa, baita senideok ere. Guk laguntza eta maitasun haundia somatzen dugu inguruan».
Bisitetan kilometro saila egin arren, Gaizkarentzat, «etxetik hurbil egoteak ez luke presoaren bizi baldintza arinduko. Preso egotea da gogorra». Halere, sakabanaketak arriskua eragiten duela dio, «eta diru galera izugarria. Hori badakite presoek, eta horrek berez latza den preso izatearen zamari gainkarga itzela gehitzen dio». Hilabetean behin etxeko norbait anaia batekin zein bertzearekin egoten saiatzen dira eta gainerakoan, astebururo joaten da norbait Jaenera, eta Parisera hilabetean hiru aldiz.
Anaiak nola dauden ere galdetu diogu: «Mattinek inkomunikazio garaian jasandako tratu txar eta torturek utzitako ondorioei aurre egin behar izan zien, eta horrelakorik jasan duenak bakarrik jakin dezake zein gogorra den. Baina orain, osasunez, animoz eta buruz sendo eta indartsu somatzen dut. Andoni ere osasuntsu eta indartsu». Presoen egoera da senideen kezkarik nagusiena, Gaizkaren irudiko: «kartzela gogorra dela badakigulako, preso egoteak jendearengan zein eragin izan dezakeen jakitun garelako; eta beraiena lasterketa luze eta gogorra delako. Egun bakoitza borroka bat da, gainditu beharreko erronka zaila».
Anaiak atxilotu zituztenetik egoera zertan aldatu den ere erran digu: «hasieran etxea gainera erortzen zaizu, gero eltzetuek etxea hankaz goiti uzten dute, eta senideen lehen kezka eta nahia atxilotua ikusi eta indarrak ematea da; eta preso hartu dutenak ere etxekoak ahal duen neurrian lasaitu eta animatu nahi ditu. Ondotik, etxea txukuntzen hastea tokatzen da, etxetik indarberrituz lehenik eta kanpoko animoak jasoz, preso eta senideak egoera berrira egokitzen hasteko. Horretan gabiltza».
Une politiko berriarekin, senideentzat egoera eta bizi baldintzak ez direla aldatu dio. Baina aipatu digu, «bertze animo eta itxaropenak zabaldu direla jendartean eta horrek guregan ere bere eragina duela. Halere, funtsezkoa da preso zein senideentzat itxaropenari leiho bat ireki arren, burua hotz eta argi edukitzea, konponbideak luze joko baitu». Sakabanaketarekin bukatu eta gaixoak eta zigorra betetakoak kaleratzea ere premiazkotzat jo du. «Baina guk presoak etxean nahi ditugu».
Joana HARANBURU
Fredericen alaba (SENPERE)
«Etxekook ezin badugu, joateko norbait atzematea da orain zailena»
«Aita bere 23. urtea egiten ari da preso. Eta 23 urtez, zoritxarrez, mementu txarrak izan ditugu. Mementu zail horiek oraindik gogorragoak bilakatzen dira oztopo batzuen aitzinean». Joana Haranburuk horixe aitortu digu, Frederic Haranburu Txistor bere aita atxilotu zutenetik 22 urte baino gehiago baitira. 9 urte zituen aita kartzelan sartu zutenean: «kasik lau pareten artean bakarrik ezagutu dut», dio. Eta «mementu zailak gogorrago egiten dituzten oztopoen adibideak» ere eman dizkigu: «eritasunen kasuan berririk ez izatea. Espetxeko ate aitzinean ginelarik jakin izan dugu erietxera eraman izan dutela, eta bisita, dei edo gutunetan bakarrik jakiten ditugu berriak. Milaka adibide badira».
Etxetik 250 bat kilometrora du aita, «nahiko hurbil», dio, baina bere hitzetan, «hainbertze urtez hainbertze kilometro egin eta gero, 50 kilometrora dagoen kartzelara eramanen balute ere sobera izanen litzateke».
23 urteotan gauzak aldatu egin zaizkie. Estatu frantsesean espetxe erregimen ezberdinak daude eta epaitu gabeko presoak Maison d’Arrêt deituriko espetxeetan sartzen dituzte. Erregimen honetan, normalean, patiora egunero bi aldiz ateratzeko eskubidea dute eta gainontzeko denbora ziegan itxita ematen dute. Behin epaituak eta kondenatuak, Centre de detention edo Centrale batera eramaten dituzte eta hauetan, baldintzak leunagoak izan ohi dira. Txistor, gaur egun, Centrale batean dago eta «bisiten aldetik ainitz aldatzen dela» jakinarazi digu Joanak: «orain bisitak astebururo izaten ditugu, hiru ordu goizean eta hiru ordu arratsaldean». Azaldu digunez, «amak, ahizpak edo nik joan ezin badugu, joateko norbait atzematea da orain zailena. 23 urtez jende ainitzek bisita maiztasuna murriztu dute eta ez gira bertze lagunei joateko asmoa duten galdetzera ausartzen». Inguruaren babesa somatu ote duen galdetuta, positiboki erantzutea gustatuko litzaiokeela erran digu, «baina maleruski ez da horrela. Jendeak, orokorrean, berriak galdetuko ditu, baina bertzerik ez».
Aita zer moduz dagoen galdegin diogunean «zahartzen» ari dela erantzun digu umoretsu, baina «orokorrean azkar» ikusten du: «ez dut ongi dela erantzunen, nahiz eta ongi izan. Etxean izanen dugunean/ditugunean egonen da ongi». Joanarentzat, gogorrena, «aitak bizitza osorako kondena izatea da. Frantzian horrelako kondena bat duzularik, badakizu hor zirela baina ez dakizu noiz arte. Jende ainitzek hainbat urte eta gero Frantziak bere presoak aske uzten dituela uste du, eta ez da horrela, eta bereziki preso politikoekin. Niretzat gogorrena eperik ez izatea da. Urte bat oraindik? Bortz urte? Hamar?», galdetu du. «Oraindik ez dakigu ea egunen batez aita etxean ezagutuko dugun».
Euskal Herrian sortu den egoera politiko berri honetan, «itxaropena izan behar dugula» iritzi dio, baina bere ustez, «ez dugu ahantzi behar inoiz baino gehiago lan egin behar dugula, ez dugula deus itxaron behar etsaiengandik». Bere irudiko, «frantses eta espainiar estatuek ez dute urratsik egin nahi bake konponbiderantz». Horregatik «lortu duguna edo lortuko dugun guztia gure lanetik aterako da. Ez dugu inoiz esperantza galdu eta ez dugu galduko».