Bertze erremontista profesional bat Doneztebek lehendik duen zerrenda luzerako: Josetxo, Ezkurra II.a. Berekin guztira zazpi dira profesionaletan dabiltzan herritarrak: Jose Jabier Etxeberria III.a, Koteto Ezkurra, Iñaki Martinez Lizaso, Patxi Olazar, Julen San Migel, Xanti Uterga eta orain Josetxo Ezkurra. 20 urteko gazteak uztailaren 14an debutatu zuen Hernaniko Galarreta pilotalekuan, Labaka, Otaegi eta Aizpuru III.a erremontista berriekin batera. Gainera, garaipenarekin eta nagusitasuna erakutsiz egin zuen debuta. Oriamendi 2010 enpresako jokalari berriak dira, eta gisa honetara, erremontean hasi zenetik aunitzetan buruan ibili omen duen ametsa egi bihurtu zaio Ezkurrari. Aurrelaria da bera.
Erremontean hasi aitzinetik, eskubaloian ibili zen Josetxo, baina behin erremontean hasita, enpresari eskainitako elkarrizketan erran duenez, «profesionaletarako saltoa espero nuen, baina beharbada ez hain abudo». Garbi du zein den bere erremontistarik kuttunena, bere osaba Koteto «dudarik gabe», gainera. Erremontetik aparte, unibertsitatean irakaskuntzako ikasketak egiten segitzen du. Hirugarren kurtsoa egiten ari da.