Zortzi lagunek idiaren aurka neurtuko dituzte indarrak 700 kiloko harriarekin

Maider PETRIRENA 2012ko abuztuaren 1a

Ezkerreko argazkia peñen egunekoa da eta eskuinekoa Baztan Zopetako afaria. Maider PETRIRENA

Besten barne, abuztuaren 10ean izanen da desafioa

 Aste pare baten buruan, hementxe izanen ditugu Santiburtzioak. Egunez egun, egitarauaren berri izateko aldizkari honetako gehigarrian irakurtzeko aukera izanen duzue. Hemen, be­rriz, bestak heldu diren honetan ohar batzuk emanen ditugu.

Alde batetik, Baztan Zopetako afarirako baz­kideen­tzako txartelak Ulibel­tzak Elkartean egonen dira salgai hilaren 28an, 19:30etik 20:30­­­era. Gainontze­koentzat uztailaren 29tik aitzinera salduko dira ostatuetan, eta hondarreko eguna abuztuaren 7a izanen da. Erran, afariko menua hau izanen dela: zopak, zuri ta bel­txak, gisatua, postrea, txanpaina, kafea, kopa, puroa eta edariak. 20 euro balio du.
Herriko afarirako txar­telak ere uztailaren 29tik aitzinera paratuko dira salgai ostatuetan eta abuztuaren 8ra arteko epea izanen da erosteko­. 29 euroren truke, hau izanen da menua: urdaiaz­pikoa, foie, kroketak, bil­dots errea pata­tekin, profiterolak, izozkia eta txokolate saltsa, edariak, kafea, txanpaina eta kopa.
Peñen bazkarirako txartelak uztailaren 27tik abuztuaren 5era salduko dira ostatuetan. Adin guztietako jendea apunta daiteke, eta ea anima­tzen den jendea.
Bertzetik, uztai­laren 27an Itturburu ostatuan bilera bat eginen da txoznari buruz solasteko­. Ahal duten guz­tiei joateko deia egin zaie. 
 
Berrikuntzak
 
Bertze urteetako egitarauari begiratuta, aurten ere badira berrikun­tzak. Bezperan, J. I. Muruak bordei buruzko erakustaldia eskainiko du Ariztigain kanpinean. Ondotik, herri kirol desa­fioa izanen da. Aurtengoan, gizon probako zortzi lagunek Errenteria­ko Pa­txi Ilarretaren idiaren aurka neurtuko dituz­te inda­rrak. 700 kiloko harriarekin, 15 minutuko saioan zeinek plaza gehiago egin izanen da desafioa. Zetreria ere izanen da plazan.
Gainerakoan, besta ederrak heldu zaizkigu eta animatu!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun