ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak mendi martxa antolatu du aurten ere. Uztailaren 28an, larunbatean abiatu zen Bidaxunetik eta abuztuaren 4an Donostian bukatuko da. Zortzi etapa ditu eta egunean banaz bertze 7-8 orduko ibilbidea egiten dute, 08:00etan hasi eta gutti goitibeheiti 17:00 aldera arte, eta bakoitzean 20-30 kilometro ibiliz. Bidaxune eta Donostia lotuko dituen martxa hau eskualdean barna ere pasako da, Aldudetik Baztanera sartuko da abuztuaren 1ean eta Baztandik Bortzirietarako bidea hartuko du abuztuaren 2an, Gipuzkoara joateko.
Egunero, ibilbidea ezagutzen duen gidariren bat joanen da aitzinean eta gibelean, eta gisa berean, antolakuntzak eguneroko gosaria eta txangoan behar den ogia eta fruta paratuko ditu. Gainerakoak norberaren ardurapean geldituko dira.
Etapak
• 1. etapa, uztailak 28: Bidaxune-Aiherra.
• 2. etapa, uztailak 29: Aiherra-Irisarri.
• 3. etapa, uztailak 30: Irisarri-Donibane-Garazi.
• 4. etapa, uztailak 31: Donibane-Garazi-Aldude.
• 5. etapa, abuztuak 1: Aldude-Arraioz.
• 6. etapa, abuztuak 2: Arraioz-Igantzi.
• 7. etapa, abuztuak 3: Igantzi-Astigarraga.
• 8. etapa, abuztuak 4: Astigarraga-Donostia.
Martxaren inguruko xehetasun gehiago nahi izanez gero, www.esait.org webgunean irakurgai.