Baztan-Errekako Laxoa txapelketaren hogeita hamahirugarren edizioko finala eta hirugarren posturako lehia jokatuko dira Arraiozen abuztuaren 4an. Igande arratsaldeko 17:30ean final handia jokatuko dute Irurita A eta Doneztebe A taldeek. Lehenago, goizeko 11:30ean hirugarren postua jokoan izanen dute Oiz eta Irurita Bk.
Doneztebe Ak asteburu honetan lortu du finalerako txartela. Finalerdietako itzulerako partida 9 eta 6 galdu egin zuen Irurita Bren kontra, baina joanekoan 9 eta 1 irabazi ziola kontuan hartuz, doneztebarrek jokatuko dute finala. Irurita Ak aitzinetik lortua zuen finalerako txartela, finalerdietako bi partidak Oiz Ari irabazita.
Afaria eta gaupasa laxoaren alde
Pilota modalitate honen besta handiaren egunean bertze moduko besta ere antolatu da, gaupasa eginen baita laxoaren alde.
Behin finala akitu eta sariak banatuta, arratsaldean eta afaria bitarte trikitixaren soinua izanen da lagun Arraiozko karriketan. 21:30ean afaria eginen da Arraiozko frontoian. Txartelak 30 eurotan salgai paratuko dira Doneztebeko Titi Ostatuan, Arraiozko Zubiondo ostatuan, Iruritako Olari jatetxean, Elizondoko Intza ostatuan eta Oizen.
Afalondoan, denak dantzatzeko aukera izanen dute. 00:30etik 04:30era Obaneuke erromeri taldea ariko da eta 04:30etik aitzinera, Tirri&Tery DJ.