Baztan-Errekako Laxoa txapelketaren hogeita hamahirugarren edizioko finala eta hirugarren posturako lehia jokatuko dira Arraiozen abuztuaren 4an. Pilota modalitate honen besta handiaren egunean bertze moduko besta ere antolatu da, gaupasa eginen baita laxoaren alde.
Goizeko 11:30ean, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko da. Arratsaldeko 17:30ean, berriz, final handia jokatuko da. Behin finala akitu eta sariak banatuta, arratsaldean eta afaria bitarte trikitixaren soinua izanen da lagun Arraiozko karriketan. 21:30ean afaria eginen da Arraiozko frontoian. Txartelak 30 eurotan salgai paratuko dira Doneztebeko Titi Ostatuan, Arraiozko Zubiondo ostatuan, Iruritako Olari jatetxean, Elizondoko Intza ostatuan eta Oizen.
Afalondoan, denak dantzatzeko aukera izanen dute. 00:30etik 04:30era Obaneuke erromeri taldea ariko da eta 04:30etik aitzinera, Tirri&Tery DJ.
Finalerdiak jokoan
Baztan Errekako XXXIII. Laxoa txapelketako final horretan zein talde ariko diren ez da erabaki oraindik. Joan den asteburuan, finalerdiko joaneko partida bat jokatu zen eta Irurita Ak 9 eta 2 irabazi zion Oiz-i eta abantaila handia hartu zuen finalerako txartela lortzeko. Dena den, larunbat honetan, 16:00etan Oizko plaza zailean jokatuko da itzuliko partida.
Bertze finalaurrekoa Doneztebe A eta Irurita B taldeek jokatuko dute. Joaneko partida Donezteben jokatuko da asteburu honetan.