Uztailaren 14an, hirugarren mailako aizkora Txapelketako kanporaketa jokatu zen. Hamar aizkolari aritu ziren lehian, uztailaren 28an Elizondon jokatuko den finalerako bortz txartelen bila. Kanerdiko bina enbor moztu behar izan zituzten.
Kanporaketan aritu ziren Eneko Saralegi (Leitza-Iruñea), Julen Olano (Leitza), Joxean Etxeberria (Ziga), Migel Angel Etxeberria (Beintza-Labaien), Martin Telletxea (Ezkurra) eta Kenari Erasun (Aurtitz) eskualdeko aizkolari gazteak eta hauekin batera Arostegiko Oier Kañamares, Gerendiaingo Esteban Pikabea, Salinas de Oroko Angel Eraso eta Etxarri Aranazko Aritz Goñi.
Eneko Saralegik egin zuen denborarik onena eta txapela janzteko faborito nagusia dela erakutsi zuen. 5 minutu eta 43 segundu aski izan zituen bi enborrak mozteko. Etxarriko Aritz Goñi izan zen bigarren (6 minutu eta 50 segundo), Salinasko Angel Eraso hirugarren (7 minutu eta 6 segundo), Ezkurrako Martin Telletxea laugarren (7 minutu eta 35 segundo) eta Zigako Joxean Etxeberria bosgarren (8 minutu eta 20 segundo). Hauek izanen dira Elizondoko finalean.