Igantziarren arteko lehia izan zen uztailaren 13an Iruñean, Nafarroako lasto altxatze txapelketan. Azkenean, beterania nagusitu zen eta 27 urteko Karlos Seinek jantzi zuen txapela, 22 altxaldirekin. Bertze bi lehiakideak 19 urte zituzten. Arkaitz Retegik 15 altxaldi egin zituen eta Eneko Telletxeak 14.
Jon Lapazaran lehen aldiz Euskadiko txapelduna
Uztailaren 15ean Alegian jokatu zen Euskadiko lasto altxatze txapelketa eta Jon Lapazaran bizkaitarra suertatu zen txapeldun lehen aldiz. Markina Etxebarriako kirolaria hirugarren eta laugarren postuetan sailkatu zen esku hartu zuen azken hiru urteetan (iaz ez zen lehiatu), baina igandean aukera guztiak baliatu zituen txapel nagusia lehen aldiz janzteko. Hala ere, jasoaldietara berdindu egin zuen Andoni Agirreurreta gipuzkoarrarekin eta Unai Ardeo bizkaitarrarekin, baina 22. Jasoaldia (bi minutuko denbora agortuta) txapeldunak egin du azkarren, eta horrek eman dio txapela buruan jartzeko aukera.
Guztira hameka kirolari aritu ziren lehian, medikuaren agiria ekarri arren, azkenean Lander Oterminek lehian jardutea erabaki baitzuen. Bi txandatan aritu ziren kirolariak Txintxarri Harri-jasotze Txapelketarekin tartekatuz. Aurreneko txandan ondoko bortz kirolariok jardun zuten: Jon Lapazaran Etxebarriak (Markina-Etxebarria, Bizkaia), Carlos Sein Garciak (Igantzi), Pello Argaia Eizmendik (Zizurkil, Gipuzkoa), José Lauzurika Fdz. de Gorostizak (Arangiz, Araba) eta Beñat Amade Fullaondok (Getxo, Bizkaia).
Hain justu ere, lanean aritzen aurreneko kirolariak lortu zuen txapela, Jon Lapazaranek, prestakuntza fisiko egokia eta teknikan hutsik egin gabe. Sein igantziarra ere marka ona egiteko bidean ziharduen, baina sokak ihes egin zion, eta 19 jasoalditan geratu zen. Beñat Amadek ezuste txiki bat eman zuen, lehian aritu den aurreko bi urteetan hamargarren sailkatu baita. Hala ere, iaz 19 jasoaldi egin zituen.
Bigarren txandan, berriz, sei kirolariok aritu dira lanean, hurrenez hurren: Arkaitz Retegi Zamorano (Igantzi), Unai Ardeo Zaldua (Getxo, Bizkaia), Eneko Telletxea Iraola (Igantzi), Lander Otermin Muniain (Ibarra, Gipuzkoa), Andoni Agirreurreta Lazkano (Asteasu, Gipuzkoa) eta Joxemari Atutxa Olabarri (Dima, Bizkaia).
Txanda honetako lehen ezustea eman du Andoni Agirreurreta gipuzkoarrak, bigarren urtea zuelako eta iaz 16 jasoaldi egin zituelako, baina gaur txapela janzteko aukeran egon da. Unai Arteo getxoztarrak badu eskarmentua, eta iaz 20 jasoaldi egin bazituen, gaur jasoaldi bat gehiago egin du, hirugarren sailkatuz. Otermin gipuzkoarrak ere lan aipagarria egin du, lehen parte-hartzea izan duelako Ibarrakoak; azkenerako nekatu egin da pittin bat, baina 18 jasoaldi egitea esku hartzen duen lehen txapelketan, asko da. Atutxa dimoztarrak berdindu bere iazko marka.
Kirolariek 40 kiloko lasto-fardoarekin jardun dute, 7 metrora goratuz eta ahalik eta jasoaldi gehin egin nahian, bi minutuko txandan.
Iaz Joxemartin Bustintza Tubi (Dima, Bizkaia) izan zen txapelduna, eta berdindu egin zuen bere Euskadiko txapelketako marka, Donostian, 24 jasoaldi eginda. Beraz, aurtengo emaitzak aintzat hartuta, Tubiren markak iraunen du bertze urte batez.
2012ko sailkapena:
1. Jon Lapazaran (Markina, Bizkaia): 21 jasoaldi (22.a, 00:02)
2. Andoni Agirreurreta (Asteasu, Gipuzkoa; 29 urte): 21 jasoaldi (22.a, 02:04)
3. Unai Ardeo (Getxo, Bizkaia): 21 jasoaldi (22.a, 02:12)
4. Beñat Amade (Getxo, Bizkaia): 20 jasoaldi
5. Joxemari Atutxa (Dima, Bizkaia) 20 jasoaldi
6. Carlos Sein (Nafarroa Garaia): 19 jasoaldi
7. Lander Otermin Muniain (Ibarra, Gipuzkoa): 18 jasoaldi
8. Pello Argaia (Zizurkil, Gipuzkoa): 17 jasoaldi (18.a, 02:07)
9. Arkaitz Retegi (Igantzi, Nafarroa Garaia): 14 jasoaldi
10. José Lauzurika (Arangiz, Araba): 13 jasoaldi
11. Eneko Telletxea (Igantzi, Nafarroa Garaia) : 12 jasoaldi (13.a, 02 :04)