Hamargarrena Aimar Olaizolarentzat

Ttipi-Ttapa 2012ko uztailaren 13a

Profesionaletako hamar txapel irabazi ditu dagoeneko Aimar Olaizolak. Urte horietan guztietan, Asier anaia izan du botillero. Rosa OLAIZOLA

Buruz Buruko hirugarren txapela jantzi du goizuetarrak

1998­an debutatu zuen 18 ur­te­ko gazteak bere hamargarren txapela jantzi du 32 urterekin. Aimar Olaizola goizuetarrak historia egiten segitzen du eta Buruz Buruko txapela hirugarren aldiz irabazi zuen ekainaren 24an BIlboko frontoian. Faborito argirik gabeko finala zen, teorian, Olaizola II.a eta Juan Martinez de Irujo iberoarraren arteko Buruz Buruko Txapelketakoa, baina partida, azkenean, ez zen lehiatua izan, Olaizolak erraz jantzi baitzuen txapela, 22-7 irabazita.

Irujok hasieran baino ez zion egin aurre Aima­rri; goizuetarrak lehenbiziko lau tantoak egin bazituen ere, 5-7 jarri zen irabazten Iberokoa. Handik aritzinera erabat nagusitu zen Olaizola. Partida bikaina jokatu zuen goizuetarrak, ezker pareta bilatuz eta joko azkarra eginez. Nabarmentzekoa, gainera, lesioak izan dituela tartean eta ederki errekuperatu dela. Belaunean lesio la­rria izan zuen duela bi urte eta besoko minez ere ibili da txapelketa honetan. 
 
Buruz Buruko hiruga­rren hau bere hamarga­rren txapel du: banaka hiru (2005, 2007 eta 2012), binaka bertze bi (2008 eta 2011) eta lau t’erdian­ bortz (2002, 2004, 2005, 2008 eta 2011) irabaziak­ baititu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun