Iparraldeko Joko Torneoko hiru txapel eskualdeko kirolarientzako izan dira

Ttipi-Ttapa 2012ko uztailaren 13a

Etxegarai, Urrutia eta Sein Iparraldeko Joko Torneoan, ezkerretik eskuinera. Nafarroako Herri Kirol Federazioa

Etxegarai txokorretan, Urrutia harriarekin eta Sein lastoarekin nagusitu dira

 Iparraldeko Joko Torneoaren hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zen Burgin uztailaren 1ean, aitzinetik Iruñean eta Uharten egin ondotik­. 

Txokor biltzen, hiru jardunaldi jokatu dira, baina puntuatzerakoan, bi denborarik onenak hartu dira kontuan. Horren arabera, Fernando Etxe­garai beratarrak irabazi du, Patxi Iratzoki igan­tziarra bigarren izan da eta Iñaki Telle­txea elizondarra hirugarren. Eskual­deko gainerakoen artean, Andoni Lasaga etxa­lartarra seigarren izan da. Lehen bortz sailkatuak uztailaren 28an Elizondon jokatuko den Nafa­rroako Txokor Biltze Txapelketan ariko dira.
 
Harri-jasotzen, lehen bi jardunaldietako altxal­diak hartu dira kontuan, eta Josetxo Urrutia lei­tzarrak irabazi du. Xabier­ Ariztegi etxalartarra izan da bigarren.
Lasto altxatzen, igan­tziarren arteko lehia izan da. Hiru jardunaldi jokatu dira liga sistema erabiliz eta Karlos Sein nagusitu da. Ar­kaitz Retegi eta Eneko Telletxea sail­katu diren bere ondo­tik, hurrenez hurren.
 
Txingekin hiru jardunaldi jokatu dira baina puntuatzerakoan bi markarik onenak hartu dira kontuan. Eskualdeko ordezkari bakarra Josetxo Urrutia izan da eta honek­ Burgiko jardunaldian behintzat ez zuen parte hartu. Sailkapenean lauga­rren izan da leitzarra. 
Zaku lasterketan ez da eskualdekorik izan eta ingu­de altxa­tze txapelke­ta ez da egin, kirolari falta­gatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun