40 lagunek salatu dute Binta Keita emakumearen hilketa

Franck DOLOSOR 2012ko uztailaren 13a

Badira zonbait hilabete emakumea Urguri auzoan bizi zela bere senarrarekin

 Ez ohiko biltzarra egin zen Herriko Etxearen aitzinean joan den uztailaren 4an. 40 lagun bildu ziren Binta Keita 42 urteko emakumearen hilketa salatzeko. Egun batzuk lehenago jendarmeek hila atze­man zuten bere etxean, Urguri auzoan. On­doan, 85 urteko sena­rra ere hila zen. Jendarmeen eta justizia saileko arduradunen arabera, senarrak bere emaz­tea tiroz hil zuen lehenik eta gero bere bu­ruaz­ bertze egin zuen arma berarekin. Badira bi hilabete ezkondu zirela, baina beren lagunek diote haserre al­diak zituztela maiz. Iduriz, hiru haurren ama zenak etxetik joan nahi izan zuen eta orduan gertatu zen hilketa. Bikotea Bordelekoa eta Senegalekoa zen jato­rriz. Senarrak etxea erosi zuen duela zonbait urte Urguri auzoan eta badira zonbait hilabete emakumea ere hor bizi zela. Biak ezagutzen zituztenen artean harridu­ra eta samina ageri zen joan diren egunetan.

Talde feministek salatu dute azken sei urteetan hamabi emakume hil direla senarren edo bikotekide ohien eskutik Ipar Euskal Herrian. Talde hauen ustez, «hiltzaileek emazte horiek ukatu eta hil zituzten emazteen biziaren jabe zirelakoan». Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle Lapurdiko bi diputatu berriei galdetu diete genero indarkeriaren kontrako lege bat proposatzea eta bozka­tzea Parisko Asanblada Nazionalean.
 
DATUA:
12
EMAKUME HIL
dira azken sei urte hauetan Ipar Euskal Herrian senar edo bikotekide ohien eskutik

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun