Produktu turistiko berriak garatzen segitzen du Bertizko Partzuergo Turistikoak. Ohar bidez adierazi duenez, azken urteotan bi produktu berri ditu esku artean. Batetik, laxoa zabaltzen ari da erakustaldiekin Oizen eta bertze modalitateak Urdazubin. Hala, Partzuergoaren web orrian pilotaren inguruko atal bat ireki dute. Bertzetik, hegaztien behaketa ere lantzen ari da, hegazti migratzaile eta basoan bizi direnen behaketaren jardunaldiekin. Ekimen hau irailean eginen da hirugarrenez, Etxalar eta Bertizen. Sare sozialetan ere bere tokia egiten ari direla adierazi dute Partzuergotik. Facebook, Twitter, Wikiloc, Forsquare, linkedin eta blogetan eskua sartu du, eta berriki, bere lehenbiziko zozketa prestatu du Facebooken: 10 sarrera zozketatuko ditu hilaren 21ean Nafarroako konkistaren urteurrena gogoan Amaiurren eginen den ikuskizunerako. Parte hartzeko Facebook eta Baztan-Bidasoko alojamenduen erreserba zentrala begiratu behar da.