Nafarroako ingude altxatze txapelketa jokatu zen uztailaren 12an Iruñean eta gizonezkoen nahiz emakumezkoen txapelak eskualdera etorri ziren, Josetxo Urrutia leitzarraren eta Maika Ariztegi iturendarraren eskutik.
Josetxo Urrutiak 85 altxaldi eman zizkion 18 kiloko ingudeari minutu terdian. Berriozarko Iker Lizarragak 63 altxaldi eman zituen eta Auzako Ander Iribarren gazteak 61 altxaldi.
Emakumezkoen proban, berriz, 2004an eta 2009an ere txapeldun izan zen Maika Ariztegik berriz ere txapela janztea lortu zuen, 83 altxaldirekin. Iruñeko Esti Gastearenak 74 egin zituen.
Txapelketa hauetaz gain, harrijasotze erakustaldia eskaini zuen Sanfermin hauetan Napardi elkarteak ematen duen “Gallico de Oro” saria eskuratua duen Iñaki Perurena leitzarrak. Aizkora erakustaldia ere izan zen kanako enborrarekin, Juan Jose Lopez eta Donato Larretxearen artean. Lezaungoak 10:48 behar izan zituen kanako enborra mozteko eta Donatok 4 segundu gehiago.
Azken saioak
Uztailaren 13an Nafarroako Lasto Altxatze Txapelketa jokatuko da eta hiru lehiakideak igantziarrak izanen dira: Karlos Sein, Eneko Telletxea eta Arkaitz Retegi igantziarrek parte hartuko dute.
Uztailaren 14an, hirugarren mailako aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da. Tartean izanen dira Eneko Saralegi (Leitza-Iruñea), Julen Olano (Leitza), Joxean Etxeberria (Ziga), Migel Angel Etxeberria (Beintza-Labaien), Martin Telletxea (Ezkurra) eta Kenari Erasun (Aurtitz) eskualdeko aizkolari gazteak eta Arostegiko Oier Kañamares, Gerendiaingo Esteban Pikabea, Salinas de Oroko Angel Eraso eta Etxarri Aranazko Aritz Goñi. Bina kanaerdiko moztu beharko dituzte. Segidan, Nafarroako Gurdi Altxatze Txapelketa jokatuko da. Josetxo Urrutia eta Lazaro Bujan leitzarrekin batera, bertze lehiakideren bat ere ariko da seguruenik. Joxe Bikondoak ere erakustaldia eskainiko du.