Usategien aprobetxamendua enkantera atera du Udalak, lau urterako. Lau eremutako usategiak izanen dira, eta guztira 45 ehiza postu izanen dira. Enkantea, berriz, udaletxean eginen da abuztuaren 11n, larunbatarekin, 11:00etan.
Aieletako usategiak sei ehiza postu ditu eta honen hasierako prezioa 12.000 eurotan finkatu du Udalak; Ameztiko inguruan zortzi ehiza postu dira eta hauen hasierako prezioa 9.000 eurokoa izanen da; Lotzabiango usategiak guztira hamazazpi ehiza postu ditu eta eremu honen hasierako prezioa 10.000 eurokoa izanen da. Uztakortako usategian, azkenik, hamalau postu daude eta honen hasierako prezioa 10.500 eurotan hitzartu du Udalak.
Enkantean parte hartzeko, lizitatzaileek hasierako prezioaren %5 utzi beharko dute aldez aurretik, behin-behineko fidantza gisa. Gora jotzeko postura, berriz, 100 eurokoa izanen da.
Baldintza agiria Herriko Etxean eskura daiteke, idazkaritzako ordutegian. Informazio gehiagorako 948 450864 telefonora dei daiteke edo udala@labaien.org-era idatzi.