Kolore&hitz lelopean, Zizur Txikiko San Fermin Ikastolak antolatuta eginen da aurten Nafarroa Oinez besta, urriaren 21ean. Bada, Nafarroa Oinezeko kanta Trikidantz taldeak egin du. Abestiaren hitza Julio Sotorena da, San Fermin Ikastolako ikasle ohia eta Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapeldunarena, eta musika Trikidantzek paratu dio. Ikastolak lehiaketa bat egin zuen, eta herriko taldearen abestia izan zen aukeratua. Kanta horretan, Trikidantz taldeko kideez gain, Skatu taldeko Eneko, Axier eta Ibanek tronboi, saxofoi eta tronpetekin euren ukitua eman diote, Ainara Mindegiak bere ahotsa paratu du eta Luismi Gartziak bateria. Erran, gisa berean, Nafarroa Oinezeko bideoklipan ere parte hartu dutela Arkaitz Mindegia eta Birjinia Mariezkurrena taldekideek. www.nafarroaoinez.net webgunetik jaitsi daiteke kanta.