Xanta Souza lesakarrak irabazi du aurten ere Nafarroako txinga eramate txapelketa

TTIPI TTAPA 2012ko uztailaren 12a

45 plaza egin zituen Xanta Souza lesakarrak. Diario Noticias

Kadete mailako arpana txapelketan azpitxapeldun izan dira Basaburuako Eneko Irigoien eta Ekaitz Maritorena

Nafarroako emakumezkoen txinga eramate txapelketa jokatu zen uztailaren 11n Iruñeko Foruen plazan. Joan den urtean bezala, Xanta Souza lesakarra izan zen txapeldun.

Nafarroako emakumezkoen txinga eramate txapelketa jokatu zen uztailaren 11n Iruñeko Foruen plazan. Joan den urtean bezala, Xanta Souza lesakarra izan zen txapeldun.

25na kiloko txingekin ahalik eta plaza gehien egiteko saiakeran 45 plaza egin zituen jatorri brasildarra duen lesakarrak eta nagusitasunez irabazi zuen. Estitxu Almandoz lesakarra izan zen bigarren, 13 plazekin eta Oronoz Mugairiko Amaia Elizagoienek 9 plaza egin zituen.

Ondotik, Nafarroako kadete mailako arpana txapelketa jokatu zen eta bertan Arostegiko Oier eta Imanol Kañamares nagusitu ziren. 10 korteak egiteko 3 minutu eta 37 segundu bertzerik ez zituzten behar izan. Baztango Basaburuako Eneko Irigoien eta Ekaitz Maritorena izan ziren azpitxapeldunak (5:48), hirugarren Andra Mariko Gari Satrustegi eta Iñigo Galarza (6:09) eta laugarren Aritz Gabirondo eta Izai Mauleon (10:03).

Bi txapelketa hauetaz gain, Aimar Irigoienek harrijasotze erakustaldia eskaini zuen eta Andde Arbenoitzek lasto botatze erakustaldia.

 

Gelditzen diren txapelketak

Sanferminak bukatze bidean doaz, baina herri kirol txapelketa eta erakustaldiek bertze hiru hitzordu izanen dituzte eguerditan Iruñeko Foruen Plazan.

Uztailaren 12an Nafarroako Ingude Altxatze Txapelketa jokatuko da. Gizonezkoetan, Josetxo Urrutia leitzarrarekin batera, Auzako Ander Iribarren eta Berriozarko Iker Lizarraga ariko dira. Emakumezkoetan, Iturengo Maika Ariztegirekin batera Iruñeko Esti Gastearena ariko da. Ondoren, harrijasotze erakustaldia eskainiko du Iñaki Perurenak eta aizkora erakustaldia, kanako enborrarekin, Juan Jose Lopez eta Donato Larretxeak.

Uztailaren 13an Nafarroako Lasto Altxatze Txapelketa jokatuko da eta hiru lehiakideak igantziarrak izanen dira: Karlos Sein, Eneko Telletxea eta Arkaitz Retegi­ igantziarrek parte hartuko dute.

Uztailaren 14an, hirugarren mailako aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da. Tartean izanen dira Eneko Saralegi (Leitza-Iruñea), Julen Olano (Leitza), Joxean Etxeberria (Ziga), Migel Angel Etxeberria (Beintza-Labaien), Martin Telletxea (Ezkurra) eta Kenari Erasun (Aurtitz) eskualdeko aizkolari gazteak eta Arostegiko Oier Kañamares, Gerendiaingo Esteban Pikabea, Salinas de Oroko Angel Eraso eta Etxarri Aranazko Aritz Goñi. Bina kanaerdiko moztu beharko dituzte. Segidan, Nafarroako Gurdi Altxatze Txapelketa jokatuko da. Josetxo Urrutia eta Lazaro Bujan leitzarrekin batera, bertze lehiakideren bat ere ariko da seguruenik. Joxe Bikondoak ere erakustaldia eskainiko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun