Oriamendi 2010 enpresak uztailaren 14an zaharberritutako Galarreta pilotalekuan debuta eginen duten lau erremontelariak aurkeztu ditu. Horien artean dago Josetxo Ezkurra Arozena, Ezkurra II, 20 urteko aurrelari doneztebarra. Berekin batera profesionaletara salto eginen dute hiru azpeitiarrek: Aizpuru III, Labaka eta Otaegi.
Koteto Ezkurraren iloba da Josetxo Ezkurra, eta bere erranetan, erremonterako afizio handia dago Donezteben, baina bera eskubaloian ere aritua da. Bere erremontelari kuttunena, noski, Koteto Ezkurra da. Erremontean aritzeaz gain, magisteritza ikasketen hirugarren kurtsoa egiten ari da Ezkurra II. Debutaren egunean, Labakarekin batera, Otaegi eta Aizpuru III.aren kontra ariko da doneztebarra.