Bidasoko bide berdearen proiektuak bertze aitzinpausu bat eman du, uztailaren 4ko batzarrean, Udalez gaindiko intzidentziako proiektu sektorialtzat (PSIS) jo baititu Nafarroako Gobernuak Endarlatsa eta Doneztebe arteko 27 kilometroak. Bertizko Turismo Partzuergoak bide berdeko PSIS-a bultzatzen du Doneztebe-Endarlatsako zatian, lehen Nafarroako Gobernuaren Lurralde Antolamenduaren Komisioan onartu zena eta asteazkeneko Gobernu Komisioan behin betikoz onartu duena Gobernuak.
Doneztebe, Sunbilla, Igantzi eta Lesakako lurrak hartuko ditu bide berdearen zati honek. Bertzeak bertze, tunelak hobetuko dira eta Alkaiaga, Lesaka eta Berrizaungo bidegurutzetan ere egokitze lanak eginen dira, baita Lesakako zeharbidean ere, garai bateko trenbidearen karrikan barna.
Bertizarana eta Baztango zatian ere udalez gaindiko intzidentziako proiektu sektoriala izendatzeko ikerketa osagarriak egin behar izan dira eta hauek Europako FEDER fondoekin eta Nafarroako Gobernuaren kofinanziazioarekin finanziatu dira, Eurovelo proiektuaren gainontzeko ekintzak bezala. Osatutako proiektu hau, Gobernura helarazi baina lehenago, Bertizarana eta Baztango udal korporazioei aurkeztu zaie, azken hauei uztailaren 4an, asteazken arratsaldean Arizkunenean.