Nafarroako hainbat herri kirol txapelketa erabakiko dira Iruñeko sanferminetan

TTIPI TTAPA 2012ko uztailaren 5a

Josetxo Urrutiak ingude eta gurdi altxatze txapelketetan parte hartuko du eta harrijasotze erakustaldia ere eskainiko du Iruñeko Sanferminetan. Artxiboko argazkia

Hainbat erakustaldi ere eginen dira uztailaren 8tik 14ra

Urtero bezala, Herri Kiroletako hainbat txapelketa jokatuko dira Iruñeko sanferminetan. Nafarrooko txapelak erabakitzeko lehiak izanen dira batzuk eta erakustaldiak bertzeak eta saio guziak eguerdiko 12:00etan hasiko dira Foru Plazan.

Urtero bezala, Herri Kiroletako hainbat txapelketa jokatuko dira Iruñeko sanferminetan. Nafarrooko txapelak erabakitzeko lehiak izanen dira batzuk eta erakustaldiak bertzeak eta saio guziak eguerdiko 12:00etan hasiko dira Foru Plazan.

Uztailaren 8an, igandean, Nafarroako Bikotekako Aizkora Txapelketa jokatuko da. Larretxea atta-semeak, Juanjo Lopez eta Aitor Senosiain eta Jon Rekondo eta Ander Erasun izanen dira bikoteak eta sei enbor kanaerdiko eta sei 60 ontzako moztu beharko dituzte. Ondotik, Nafarroako I. mailako Arpana txapelketa jokatuko da, eskualdeko ordezkaririk gabe.

Uztailaren 9an, astelehenean, harrijasotze erakustaldia eskainiko dute Leitzako Josetxo Urrutiak eta Etxarri Aranazko Aitor Oiarbidek, aizkora erakustaldia Ruben Saralegik eta Xabier Mindegiak eta kimuen mailako proba konbinatuen erakustaldia Andra Mari, Putterri eta Basaburuak. Haurrentzako herri probak ere izanen dira.

Uztailaren 10ean, XIV. San Fermin Motozerra Txapelketa jokatuko da. Oieregiko Esteban Arruti ariko da, Berasaingo Miguel Angel Mariñelarena eta Burgiko Alayn Salvadorekin batera. Kañamares anaiek ere erakustaldia eskainiko dute (zerratokia, aitzurrarekin egurra mozten).

Uztailaren 11n, Nafarroako emakumezkoen txinga txapelketa jokatuko da. Lesakako Xanta Sousa eta Estitxu Almandozekin batera, Oronozko Amaia Elizagoien ariko dira. Segidan, Nafarroako kadete mailako Arpana Txapelketa. Baztango Basaburuako Eneko Irigoien eta Ekaitz Maritorena izanen dira eskualdeko ordezkariak. Beraiekin batera, Andra Mariko Aritz Gabirondo eta Iñigo Galarza eta Gari Satrustegi, eta Berriozarko Oier Kañamares eta Imanol Kañamares lehiatukod dira. Aimar Irigoienek harrijasotze erakustaldia eskainiko du eta Andde Arbenoitzek lasto botatze erakustaldia.  

Uztailaren 12an Nafarroako Ingude Altxatze Txapelketa jokatuko da. Gizonezkoetan, Josetxo Urrutia leitzarrarekin batera, Auzako Ander Iribarren eta Berriozarko Iker Lizarraga ariko dira. Emakumezkoetan, Iturengo Maika Ariztegirekin batera Iruñeko Esti Gastearena ariko da. Ondoren, harrijasotze erakustaldia eskainiko du Iñaki Perurenak eta aizkora erakustaldia, kanako enborrarekin, Juan Jose Lopez eta Donato Larretxeak.

Uztailaren 13an Nafarroako Lasto Altxatze Txapelketa jokatuko da eta hiru lehiakideak igantziarrak izanen dira: Karlos Sein, Eneko Telletxea eta Arkaitz Retegi­ igantziarrek parte hartuko dute.

Uztailaren 14an, hirugarren mailako aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da. Tartean izanen dira Eneko Saralegi (Leitza-Iruñea), Julen Olano (Leitza), Joxean Etxeberria (Ziga), Migel Angel Etxeberria (Beintza-Labaien), Martin Telletxea (Ezkurra) eta Kenari Erasun (Aurtitz) eskualdeko aizkolari gazteak eta Arostegiko Oier Kañamares, Gerendiaingo Esteban Pikabea, Salinas de Oroko Angel Eraso eta Etxarri Aranazko Aritz Goñi. Bina kanaerdiko moztu beharko dituzte. Segidan, Nafarroako Gurdi Altxatze Txapelketa jokatuko da. Josetxo Urrutia eta Lazaro Bujan leitzarrekin batera, bertze lehiakideren bat ere ariko da seguruenik. Joxe Bikondoak ere erakustaldia eskainiko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun