Maiatz hondarrean baino 80 langabetu guttiago zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak, 1.178 zehazki. Nafarroa osoan %1,49 jautsi da langabezia eta Nafarroako bulego guzien artean Doneztebekoan eman da portzentajean hautsierarik handiena, %6,36 jautsi baita langabetu kopurua.
Ekainean 433 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez (maiatzean baino 141 gehiago), baina horietatik 44 bakarrik izan ziren mugagabeak.
Emakumeen artean gehiago jautsi da langabezia
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 544 lagun daude langabezian, maiatzean baino 8 guttiago. Adin tarte horretako emakumeen artean ere 559tik 529ra jautsi da langabetu kopurua. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean, 93tik 71ra jautsi da langabetu kopurua eta adin tarte horretako emakumeetan, berriz, 54tik 34ra jautsi da.
Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten baina ekainean jautsiera nabarmenena izan duen lan arloa izan da, 774tik 716ra jautsi baita langabetu kopurua. Industria arloan ere, 215etik 209ra jautsi da langabezian daudenen kopurua. Eraikuntzan ere 172tik 162ra jautsi da langabetu kopurua. Nekazaritzan berdin mantentzen da langabetu kopurua, 29, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 62 lagun daude langabezian, maiatzean baino 6 guttiago.