Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak Bertsolaritza irakaskuntzan programa bertan behera uztea erabaki du. Nafarroako Bertsozale Elkartetik azaldu dutenez, «orain dela bi aste, telefono dei baten bitartez, hurrengo ikasturtetik aitzinera egitasmoak ez duela diru finantzaziorik izanen jakinarazi zuten, horretarako bideratutako partida desagertu behar zelako». Gaineratu duenez, «Bertsozale Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak 2011ko udan hiru urtetarako sinatu zuten kontratua deuseztatu du Hezkuntza Sailak».
Ikasturte honetan Nafarroako 31 ikastetxetako 1.100 ikasle inguruk parte hartu dute programan. Trukean, Gobernuak 48.000 euro bideratu ditu Bertsozale Elkartera, «soilik programaren heren bat finantzatzen zuen, gainerakoa udal eta mankomunitateen ekarpenari esker finantzatu da». Eskualdeko ikastetxeen kasuan, Baztan Ikastola, Elizondoko San Francisco Jabier, Doneztebeko San Migel, Almandozko eskola, Berako Ricardo Baroja, Goizuetako Xalto eta Leitzako Erleta eskoletako 168 ikaslek landu dute programa. Baina hainbat herritan txandaka egiten denez, hurrengo urtean berez, Ziga, Igantzi eta Arantzako eskolei tokatuko litzaieke.
1997an paratu zen abian Bertsolaritza irakaskuntzan programa, Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetan. Hala, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleek urritik maiatzera 30 orduko ikastaroa hartu izan dute.
Bertsozale Elkartetik adierazi dutenez, «bertsogintzaren oinarrizko ezagupenak eta teknikak ikasteko balio izateaz gain, programak bestelako onura aunitz ekarri ditu ikasleentzat: geletan euskara erabiltzeko modu ezin egokiagoa da, hizkuntzaren alderdi jostagarria erakusten die, haiena ez den rol bat hartzen eta ondokoa entzuten ikasten dute, ahozkotasunaren garrantziaz jabetzen dira...».
Erabakia dela eta, Bertsozale Elkarteak, «harridura, kezka eta haserrea» agertu ditu eta Hezkuntza Sailari, «beharrezkoa, onuragarria eta errentagarria den Bertsolaritza irakaskuntzan programa diruz laguntzen segitzeko» eskatu dio, «iaz sinatutako kontratua betez».